Bernard Manciet olerkari gaskoia
Okzitanierazko literaturaren XX. mendeko idazle handietako bat dugu Bernard Manciet. 1923ko otsailean Sabresen jaioa, Mont de Marsanen zendu zen 2005ean, ekainaren 3an. Bordelen ikasketak egin eta frantses estatuko diplomatiko jardun zuen —halaxe aritu zen Alemaniako berreraikuntza prozesuan eta Nurembergeko Auzian—, eta kultur sustatzaile, Óc aldizkariari lotua, eta idazle. Poeta eta narratzailea, antzerki autorea ere, idazteaz gain hainbat emanaldi ere eskainia da bere poemen gaineko ikuskizunetan. Lo dider de Guernica (Gernikarena / Gernikaz errana) poemak egin du, batez ere, ezagun gure artean, baina hura baino lehen euskarara ekarria zuen Jon Mirandek haren testu bat, Burua, eta Euzko-Gogoa aldizkarian 1957an eman plazara. Gerora, Maiatz aldizkariaren 21. zenbakian Luzien Etxezaharretak euskaratu zuen Gernikaz errana (Lo dider de Guernica). Testu hori bera, jatorrizkoa, frantsesezko eta espainierazko itzulpenak ere argitaratu zituen Maiatz aldizkariak berriro, 2005eko 41. zenbakian, urte horretan zendua zen Bernard Manciet idazleari omenez. Horretaz gain, Andres Urrutiak ere idatzi zuen artikulu bat eta olerkari gaskoiaren pasarte bat euskaratu Idatz & Mintz aldizkariaren 39. zenbakian, 2004an.
Aste honetan Iruñean burutzen ari den Euskaltzaindiaren XVI. Biltzarrean, Pirinioetako hizkuntzen ingurukoan, Bernard Manciet idazlea omendu dute.
Okzitanierazko literaturaz albiste bat eta helbide interesgarriak eskaini genituen Frederic Mistralez egindako albistean, eta Manciet berari buruz informazioa eta bibliografia topa daiteke Wikipedian eta, bitxia, okzitanierazko literaturari buruzko ingelesezko webgune honetan.