Edotafioa
argitaletxeaedo!
Edotafioa
argitaletxeaedo!
2017ko azaroa
saiakera
Literola, 6
54 orrialde
Edotafioa
argitaletxeaedo!
2017ko azaroa, saiakera
54 orrialde
aurkibidea

Aurkibidea

Eskertza

Aurkibidea

Eskertza

 

 

Edotafioa

 

argitaletxeaedo!

 

 

Amaitu da.

 

Hitz hauekin argitaletxea EDO!ren amaiera jakinarazi nahi dizugu.

Hau da ez da ospakizun bat, baina ez da hileta zeremonia bat ere.

Lerro hauek azken errituala dira, bizitzaz beteriko gutuna.

Izan ere, EDO! bizitzaz beterik egon den proiektu bat izan delako eduki baititu bizitzari dagozkion pozak eta tristurak:

             lorpenak,

             momentu ederrak,

             momentu landerrak,

             gordetzeko moduko irakaspenak,

                        nekeak

             eta balizko ametsen eraikuntzak eta eraispenak.

Hasieran argi esan genuen: proiektu honek bi urte iraun behar baditu, bi urte iraun ditzala, eta ez da ezer gertatzen.

Mereziko du.

Ondo egongo da horrela ere.

             Zortzi urte pasa dira lehen aldiz elkartu ginenetik.

             Hamabost liburu.

             Merezi izan du:

             eta,

                          edo,

                                       baina.

Argitaletxea EDO!ren lantaldean elkartu ginen lagunok antzeko ibilbideak genituen:

mugimendu sozialak, kultur proiektuak…

guztiok ezagutzen genituen proiektu kolektibo eta militanteen penak eta gloriak,

guztiok erre izan ginen inoiz inon,

eta hala ere beste saiakera bat egitea deliberatu genuen.

 

Kolektiboki beste behin.

Porrot egiteko beste behin.

 

Aurreikusi genuen arriskua, eta azkenean hala gertatu da:

             lan itzela izan da,

                                       esperientzia bizia,

                          desio haragitu bat

             bizipen zoragarria

lana antolatu,

             berrantolatu eta

                          berberrantolatu dugu,

                                       ardurak eta lan kargak

                                       desorekatu dira

                                       taldearen barruan,

                          bizitza proiektuak aldatu dira

                          taldekideen artean,

 

                                       lantaldea zabaltzen saiatu gara,

                                       ez dugu asmatu,

                                       gero eta nekatuago egon gara,

                          zaindu egin ditugu egileak eta liburuak baina ez gure burua,

                          energia faltatu zaigu talde barruan

                                       elkar mimatzeko,

                          ez dugu jakin etorkizunera bultzatzen

             amaitutzat eman dugu bidea

garaiz eta ongi bukatzeari garrantzitsuago iritzi diogu,

hala-moduz jarraitzeari baino.

 

Kulturaren alde porrot egiteko prest egon ginen,

eta hala izan da zinez:

maitasunez, kulturaren alde egin dugu porrot.

 

             Nahiz eta numeroak,

             nahiz eta liburuen harrerak,

             nahiz eta harpidedunen fideltasunak,

             nahiz eta musu-truk lan egin duen

             kolaboratzaileen sare zabalak,

             nahiz eta agortutako edizioak,

             nahiz eta liburuek egindako bideak,

             nahiz eta jendeak behin eta berriz aitortu dizkigun hutsune betetzeak,

             nahiz eta kontrakoa esaten tematzen zaizkigun,

 

ez da porrota izan, porrot eder bat izan da

bizitza propioa duten hamabost liburu ekarri ditugu plazara,

hamabost liburuetan hamaika sortzailek,

—eta hamaika hitzaurregilek, hitzostegilek eta azal-egilek—,

beren ahotsak zabaldu dituzte ezohiko ikuspegietatik:

             pentsamendu kritikoa,

             begirada artistikoa,

             itzulpengintza,

             antzerkia.

 

Geratu zaizkigu landu gabekoak ere:

             poesia,

             narrazio gehiago,

             pentsamendu kritiko gehiago,

             begirada artistiko gehiago.

 

Hori izan zen hastapenean EDO!ren ametsa:

             bultzatzaileok sentitzen genituen hutsuneak

             betetzen saiatzea,

             beste era bateko liburuentzako espazioa eta

             publikoa egon daitekeela erakustea,

             proiektu kolektibo bat eratzea.

 

                                       Azken horretan egin dugu huts.

                          baina ez erabat

             baina, ez beste guztian.

 

Esperientzia guztiek osatzen dute kultura,

eta hori iraupena baino garrantzitsuagoa da,

emaitzak zenbakietan kontabilizatzea baino garrantzitsuagoa.

 

EDO! izan den kultur-esperientzia brutala transmititu nahi genuke hitz hauetan, ozen, pozik, eta nekeak eta tentsioak ukatu gabe:

             proiektuak hasi eta amaitzen dira,

             pertsonak bezala.

 

                                       Bizitzari dagokio.

 

             Badakigu ezer ez dela betirako,

             baina badakigu, baita ere, ezer ez dela alferrik,

             ezer ez dela debalde.

 

Ezer ez baita bukatzen desagertzeko, hauts bihurtzeko;

ahalegin kolektibo guztiak,

ideia partekatu guztiak,

hazi modura lokartuta itzaltzen dira,

aurrerago,

                          beste nonbait,

                          beste noizbait,

                          beste batzuek,

                          ereiten jarraitzeko.

 

Literaturak hori du alde: argitaletxeak amaitu arren,

liburuak geratzen dira.

Eta liburuak haien bizitza propioa luzatzen tematzen dira, egoskor:

arretaz jarraituko dugu, aurrerantzean ere, haien bidea.

 

Baina bada proiektuen iraupena baino garrantzitsuagoa den zerbait:

proiektua osatzen duen jendea.

Inportanteagoa da jendea, proiektua iraunaraztea baino.

Horregatik diogu

 

             agur

             eta eskerrik asko

 

EDO! izan den esperientzia honi,

esperientzia honen parte izan den jende guztiari.

Taldeak azkenerako ardura batzuei

aurre egiteko arazoak izan baditu ere,

kolaboratzaile eta laguntzaile sare zabal,

trinko eta estimatu bat izan du, eta du oraindik.

Haien guztien konpromiso txikiak,

ekarpen handiak eta borondatezko lana gabe

 

EDO! ez zen posible izango,

eta eskerrak eman nahi dizkiegu horregatik.

 

Proiektuarentzat funtsezko izan dira harpidedunak ere.

Haien leialtasunari mila esker eta mila zorion eman nahi dizkiegu,

ekarpen horiek guztiak gabe ezinezko izango zelako EDO!k argitaratu dituen liburuak argitaratzea.

 

Era berean, eskertu nahi ditugu beren lana EDO!rekin

argitaratzea erabaki duten

                                       egileak,

                                       sortzaileak,

                                       irudigileak,

                                       itzultzaileak.

 

Eskerrik asko zuen konfiantzarengatik eta musu-truk

egindako lanarengatik.

 

Aurreikusi,

aipatu,

aitortu genuen gerta zitekeena.

Bagenekien.

Eta hala ere ezin izan dugu saihestu.

 

Eta.

             Edo.

                          Baina.

 

Ondoren etorriko diren proiektuei gutuna ere badira lerro hauek, etorkizuneko orainetara jaurtitako mezua:

aurrez iragarritako bizitza izan du heriotza honek.

Eta ez zaigu damutzen.

 

Ederra izan zen EDO!ren hasiera, izan zenez:

denbora gehiago pasatu genuen proiektuari buruz hitz

egiten, ostera proiektua bera martxan jartzen baino.

 

Eztabaida ideologikoek hondo sakona izan zuten, EDO!ren hamar printzipioak definitu genituen arte:

 

             Euskalduna.

             Autofinantzatua.

             Borondatezko lanean oinarritua.

             Adostasuna, talde lanaren oinarri.

             Edukiei jarriz arreta,

                          salmentari beharrean.

             Gizarte eragilea.

             Pentsamendu kritikoa.

             Independentea.

             Kalitatea eta seriotasuna.

 

Zenbat eztabaida ordu izan genuen puntu bakoitzeko!

Hori izan zen esperientzia honetako lehen poza:

             itxura batean,

                          lehen begi kolpean,

                                       lantaldea oso

                                                    bariopintoa zen,

             anitzegia askoren iritziz.

 

Eztabaidaren maila beti altua izan da koordinazio bileretan,

liburu bakoitzaren edizio lana egiteko sortutako lantaldeetan.

Adostasuna izan da argia gehien-gehienetan, baina, noski, ez beti.

Errespetua eta negoziazioari dagokionez urte hauetako prozesua eredugarria izan da, edo gutxienez, proiektuak kudeatzeko orduan beste modu batzuk lantzeko orduan ariketa ikaragarria.

 

Hasierako intuizio askoren baliozkotasuna bete eta

konfirmatu egin zaigu:

 

             Abiadura handiko lanik egingo ez genuela

             esan genuen,

             eta hala izan da, nahiz eta batzuetan abiadura ez

             baina erritmo apur bat gehiago behar izan den.

 

             Aniztasun ideologikoaren garrantzia nabarmendu

             genuen; enpatia handiz jokatu du une oro

             lantaldeak, baina batzuetan erabakiak hartu behar

             izan dira, ez guztion gustukoak normala denez,

             baina ez da hori arazo izan elkarrekin lanean jarraitzeko.

 

             Galera asmorik gabeko elkartea izan nahi genuela

             aipatzen genuen umorez eta zintzotasunez: bete

             egin da, baina musu-truk, maitasunez,

             eta ez diru-truk, egin delako lan atal guztietan.

 

Baina bila dezagun autokritika sakonagoa:

 

             EDO! gabezien eta hutsuneen katalogoa erakusten

             saiatu da haren eskaintzan. EDO!k hutsune gehiegi,

             fronte gehiegi bete nahi zituen, eta ez da posible

             izan guztiak sakontasunez (eta kantitatez) asetzea.

 

             EDO!k ez du galerarik izan, baina langilerik

             ez duelako. Soldatak edo enpresa egiturak

             mantendu nahi diren kasuetan zaila izaten

             jarraituko du gauza batzuk publikatzea. EDO!ren

             liburuak saldu egin dira, etekina eman dute berez,

             baina ez dagoelako enpresa egiturarik, musu-truk

             egin delako lan.

 

             Zauriak ere baditugu, sarritan ez dugulako

             jakin nola urratu genero-rolak lan-banaketan eta

             lan-dinamikan

 

             EDO! borondatezko lanari esker izan da posible

             funtsean, baina horrek berak jarri dio iraungitze

             data, lantaldea berritzeko zailtasunengatik eta

             nekeengatik.

 

Eta,

             edo,

                          baina,

                                       jarrai dezagun pozak zenbatzen:

 

             ustez publikorik ez duten liburuak saldu eta

             batzuetan agortu egin dira.

 

             Liburu batzuk berrargitaratu behar izan ditugu,

             liburu-dendetako salmentak hasieran espero

             genuena baino askoz handiagoak izan direlako.

 

Edo, esan dezakegu bestela, poza sortzen digutela

azken urteetan kulturgintzaren plazara sortu diren

mugimenduek:

 

             antzerkiaren arloan argitalpen

             ildo berriak sortu dira,

             feminismoaren arloan

             bilduma eta liburu berriak.

 

Begikoak bilduma urratzailea izan da:

egun ikusi ikusten dira komikigintza edota album

ilustratuen arloan ahaleginak,

baina oraindik ere arte ikuspegi batetik landutako liburuen

            arloan hutsune handia ikusten dugu euskaraz,

gustatuko litzaiguke bilduma horren ahaleginak segida

izatea nolabait.

 

Porrotaz mintzatu gara, porrot ederraz,

baina agian beste modu batean formulatu behar genituzke

gogoetak eta galderak:

agian irautea bezain inportantea da irutea;

             iraultza ez dadila irauntza izan,

             ez irauntza hutsa bederen:

iraun gabekoaz dolu garen bezainbat gara poz irundakoagatik.

             Irunean iraun,

transmititu diezaiogun biharko urratsari gaurkoaren bulkada.

 

Azken batean, pentsamendu kritikoak,

bizirik egongo bada, mugimenduan egon behar baitu beti.

Kultura mugimendua da.

Kultur proiektuek pentsamenduaren mugimendu kritikoa lagundu behar lukete.

Garrantzitsua deritzogu pentsamendu masa kritiko hori etengabe mugimenduan egoteari,

gorputzetik gorputzera,

proiektutik proiektura kutsatzen den izurrite eder bat bezala.

Kultur proiektuak izan daitezela izurrite eder horren eroaleak.

Kutsatu gara besteen proiektuez, kutsatzen saiatu gara geurea.

 

EDO! momentu baten parte izan dela sentitzen baitugu.

Mendea hasi zenetik euskal literaturaren testuinguruan errepikatzen ari den momentua:

             EDO!ren ideiekin bat doazen proiektuak sortu eta

             desagertu direla ikusi dugu,

             liburu-denda eredu berriak ezagutu ditugu,

             argitaletxe berriak sortu eta desegin dira,

             irakurleen ekarpenetan oinarritzen direnak,

             publikazio sail berriak sortu dira,

             itzalean egon diren literatura,

             pentsamendu eta sormen liburuak

             argitara ateratzeko egitasmoak ezagutu ditugu,

                                       hasi eta bukatu direnak,

                                       edo jarraitzen dutenak,

                                       edo atzo ernatu direnak…

 

Dozenaka proiektu sortu, garatu eta desagertu dira

EDO!rekin batera

             kulturgintza kudeatzeko ereduak berrikusteko deia,

             aliantza eta mugimendu kultural berrien saretzea,

             iraungitze data izan arren dagozkien momentuan

             eta lekuan eragile izan nahi duten proiektuen lana,

             pentsamendu kritikoaren bidezko transmisioa.

 

Kalean bada zerbait, gose edo egarri bat, EDO!ren sorreran bazegoena eta urte hauetan guztietan gero eta nabarmenago egin dena.

 

             Hor, poza. Hor, porrotaren plazera.

 

Pozik sentitzen baikara momentu hori beste hainbat

pertsona eta proiekturekin partekatu dugulako.

EDO! mugimendu horren parte izan da, kulturgintza eta literaturgintza ulertzeko ikuspegi batzuen parte.

Testuinguru horretan sumatzen diren kezka, gogoeta, ekinbide eta mugimenduen parte.

EDO! momentu horren parte izan da, eta momentu hori ez da amaitu, garatzen jarraitzen du.

EDO!k bere ekarpena egin dio momentu horri, eta bere ibilbidea amaitutzat ematen badu ere, EDO!n parte hartzen dugunok momentu hori bizitzen eta konpartitzen

jarraituko dugu.

 

Gure esperientzia edo jakintza apurrak konpartitzeko prest gaude halaber, haien bila gerturatu nahi duenaren eskura daude.

 

Amaiera guztiak dira beste zerbaiten hasiera.

 

Momentu berrien bila bagoaz.

 

Eskerrik asko handi eta bero bat, modu batera edo bestera EDO!ren esperientzian parte hartu duzuen guztioi.

2017ko ekainaren 30ean,

EDO!ren lantaldea