Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978

     

     

    AURKEZPENA

     

          Gabriel Aresti, Euskal Poeta, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialarekin hitzemana zegoen, AGER bidez, Euskal Hiztegi Arauemailea burutzeko. Bainan lehenengo sei hilabetekoa bete baino lehen, ezbeharrez hil zitzaigun.

          Juan San Martinek, Euskaltzaindiaren Idazkaria, eta Rafael Ruiz Balerdik, Pintorea, Idazle eta Artista guzien izenean, Aurrezki Kutxa Probintzialari, Gabriel Arestiri omenaldi bat egiteko asmoaren berri eman zioten.

          Delako omenaldia Gabriel Arestiren pertsonalitateak bi ikuspegitik bereziki merezi du: Alde batetik ba da garaia bere bizitza osoa Euskal Kultur Autoktonoaren zerbitzuan emana duela aitortzeko, eta beste aldetik ere, poesia berri bat gure Herrian sortuarazi duenaren oroimenez, bere sendiak Herri horren gorespena jasotzeko ordua da.

          Omenaldi hau ekintza publiko eta liburu bat argitaratzearekin gorputzeratzen da.

          «AGIRIAK» Gabriel Arestiren omenez eginiko liburua da. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak argitaraturik, 37 lan poetiko eta beste 32 espresiobide grafiko batzen ditu; hitza eta sentipena, bolumena eta kolorearekin elkartuz; Hirukoitz honetan, ortzi urdineruntz zuzendua, ekintzaren ohorea zabaldu dezan; benetako ekintza izan bait zen Arestiren lana, Hizkuntza eta bere Herriaren zerbitzuan.

          «AGIRIAK» liburuaren 5.000 ale hauek, Erakunde ororen liburutegietan, Ikastetxe eta euskaldunon etxeetan leku bat izanen dute.

          5.000 oroimen hauen ereintza, kulturaren zerbitzuan bete izan zen bizitza baten omenaldi iraunkorra izatea gura dugu.

          Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, «AGIRIAK» argitaratuz, gure Herriaren sentipenarekin bat eginik, publikoki, beronen zerbitzuan lana egin dutenen ekintzak aitortu eta goratu nahi ditu.

     

     

    Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978