Paulo Iztueta
PROFEZIA GUZTIEN KONTRA
Marx asko bagenitu...
Freud gainditurik zegok
eta Reich behar diagu...
Zientziak jantzi
behar dik gizatasuna...
Berpiz dezagun Russell laikoa...
Halaxen mintzo zen
gure letraduna
uhin berriaren esposetan
kafetegiago tertulian.
Hala ere,
profezia guztien kontra,
gure mende honi
penaz eta mixeriaz
gizendu zitzaion tripa,
gorrotoz bihurritu hesteak,
eta agian halaxe sekulakoz.
Bihar sortuko den haurrak
nigar eginen du segurki,
eta egiten ez badu,
hura ernarazi duen hazia
ez da izanen lur huntakoa,
eta orduan ez dugu nehor
berpiztu beharrik izango.
Bitartean,
egiaren mahainean,
ene egia eskatzen dut
errespetu guztiarekin.
Hauzi huntan
arrazoinak
partikatzeko,
Orixeren Euskaldunari
Arestiren mailua eskaintzen diot,
eta Arestiren Herriari
Orixeren laia.