Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978

     

     

    Iratzeder

     

    EGUN BELTZAK...

     

    Egun beltzak

    izan ditu nere bihotzak,

    bainan egun osoak, beroak

    ezin ederragoak.

     

    Egun beltzak Afrikan

    Beltzekin borrokan.

    Egun beltzak,

    nahiz bazen

    argi eta iduzki,

    nahiz bazuen ene bihotzak

    miragarriko egitekoa:

    nundik nolaz erein Jainkoa.

     

              * * *

     

    Leihotik banuen hor

    zuhaitz bat hezurra bezein idor;

    lur kiskalduan

    zuhaitzaren pean

    iratzerik ezin sor.

     

    Noiz agertuko zain neri

    euskal-lurreko iratze-ostorik

    aizez hanpaturik, uriz mozkorturik

    mendi gainetan dantzari.

     

              * * *

     

    Zortzi egunen buruan

    iduzki beroaren beroan

    zuhaitzari sortu zaizko

    euskal-lurrekoak

    bezalako

    iratze-ostoak.

     

    Ez banu ikusi

    ez nuen sinetsiko:

    hola

    sortu zitakela

    haitza bezein ederreko

    zuhaitz hortan ostoak

    iratze-osto bizi baino biziagoak.

     

              * * *

     

    Dohatsu, dio Jaunak,

    ikusi gabe sinesten dutenak.

    Bai. Beltzen lurrak

    lur legor eta idorrak,

    izerdi eta nigarrek busti-eta,

    emanen dauku

    Jainkoaren uzta.

     

    Zañanado (Dahomey-n)

    75-2-23

     

     

    Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978