Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978

     

     

    Abel Muniategi

     

    HIL DA...

     

    Hil da Gabriel Aresti,

    borrokari ta amesti.

    Beste mundura ihes egin du

    bere mailu eta guzti.

     

    Eskuan mailu berria

    landu nahiaz Harria,

    Kantauriako itxas ertzean

    gure asabek jarria.

     

    Trumoi eta hodei beltzak.

    Nun dira jolas ta dantzak?

    Zizel ta mailuz landu beharra

    Harri zaharraren ertzak.

     

    Egun sentian zotinak

    zurrunbiloan sorginak.

    Goizean goizik mailu hotsa du

    Aresti gure harginak.

     

    Hargintzan ofizioa

    harrizko afizioa,

    Harri landutan egin nahirik

    Euskaldun Palazioa.

     

    Gaur lehertu da lanean,

    Herriaren barrenean,

    Euskal Harria borobiltzeko

    enpeinu ta afanean.

     

    Hil da Gabriel Aresti,

    borrokari ta amesti,

    bere lurrean bizi ezinik,

    mingots, garratz eta ezti.

     

     

    Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978