Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978

     

     

    Mikel Zarate

     

    PENTSAMENTU TXARRA

     

    Biloizkeriaz jantzi zuten

    biloizkeria begitan duten

    gixaxo itsuek,

    eta zuek

    niri eman

    aingeruen goizean.

     

    Lirdinga ta likits

    (lizunkeriaren bits),

    pentsamentu txarra

    bakarra

    zen

    orduan

    irudimenaren

    ziegan.

     

    Maite-zoro,

    egunoro,

    jarri ninduen,

    ta zer zen

    osorik

    jakin nahirik,

    biloiztu egin nuen,

    bat-batean,

    gizonen goizean.

     

    Biloiztu egin nuen...,

    ta biloizkeria kentzean,

    dardara bihotzean,

    naskagarri

    ta izugarri

    bihurtu zen

    maiteena,

    bat uste nuena

    asko bai ziren:

    hau beheratzeko

    gurari,

    hori salatzeko

    nahiari,

    hura iltzeko desio,

    irudimenezko madarikazio...

     

    Biloizik eraman diet

    gixaxo itsuei,

    biloizik ematen dizuet

    zuei.

     

     

    Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978