![]()
|
Agiriak
Mikel Arregi
SEKRETU EZKUTUEN...
Sekretu ezkutuen pasio izengabeen gorde-leku honetan gozaldien algara bihurtzen da ikara.
Ikara beldurtiak hatzapar itsusiez estrata zahar honetan eskutik narama; beldur ikaratia dut betiko ama.
Argiak itzalita ikusi beharra pozik kantatuarren egin behar negarra hegan ezin ibili izanik lurtarra.
Esperantza merkearen zagiei darien etorkizun tantoek ezin dezakete hondorik gabeko itsaso hau bete.
Halabeharrezko zipriztin galduek ezin manten ene antsia mugagabetien errota. Argi-izpi doi eta motelek ezin piz ene desio ezkutu guztien ezkutuko ezkutapena, ene begi lausotuen betiko etsipena.
Denborak ozkatzen nau gazte-irrifarra ahulduz berez handiak diren olatuaz handituz zuhaitz berdea zena bere haizkoraz soilduz, arnasa erdi-itoak eztarritik zintzilik mihingain luzea kanpora hondakinen mahaiko ogi-apurrak bilduz, berezko desioak, gazte izatearen azkeneko jarioak, oroitzapen ilunen laberinto beltzean tantoka tantoka ixuri eta galtzen diren bitartean.
Agiriak |