Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978

     

     

    Joxe Azurmendi

     

    BERROGEI URTE HONETAN

     

    Hator, lagun. Konta izkiguk

    umetako gerra kontu haiek.

    Urbasa, Artxanda, Santoina.

    Konta zaiguk zenbait hil ziren,

    nola hil ziren.

    Nondik nora ibili haiz hainbeste denbora.

    Non utzi dituk hire lagunak.

     

    Hator. Konta izkiguk

    etxean isila sortzen duten

    aspaldiko gauza luze haiek.

     

    Hator harmarik eta bildurrik gabe,

    konta iguk berriro nola hil ziren anaiak

    anaiak hilda, aberriaren alde

    edo Kristoren izenean

    edo gerrara bialduta.

    Nola anaia bakoitzean aberri bat

    isilik gelditzen zen mendian.

    Bildur isil bat nola hiltzen zen

    hiltzeko bildur zen zemearen azkeneko dardaran,

    edozein postura itxuragabetan erorita.

    Nola oroitzen zinaten etxearekin.

     

    Zenbait aldiz joan haiz harrez gero

    Galdakaora, ez dagoena ikustera.

     

    Nola hiltzen ziren,

    kexatu gabe, ezer galdetu gabe,

    galduta zekiten gerra batetan,

    egun batek bestea zekarrelako bakarrik.

     

    Dena bukatuta zegoen aspaldian eta ezin zuen bukatu.

    Gero Burgosera, zazpi urte.

    Eta gero

    semeak hazita zeuden ordurako

    etxean. Dena lehen bezalaxe.

    Lan eskale.

    Eta gero, egunoroko egunak, isil-isilik.

     

    Urteak eta urteak.

    Ezer ez. Etxetik lanera, lanetik etxera.

    Etxean bakarrik aipatzen zen iraganaldia.

    Kotxea, telebista.

     

    Konta iguk nola arbolak zeuden

    mendian, mendi euskaldunetan,

    eta ez zuten sentimenturik.

     

    Esaiguk zergatik berrogei urte geroago

    gerra triste hura gure ariman oraindik dabilen.

    Zergatik hildako ezagutu ez dugun hainbeste

    gelditu den gure memorian.

    Hil ta gero alderdirik ez dagoela.

    Zergatik gerra hura ez den sekula amaitzen,

    zergatik dagoen frontez beteta egunoro gaua.

     

    Esaiguk zergatik zerbait.

     

    Eta ez badakik, nik esango diat:

    hator, lagun,

    dena ez da deus izan, deus,

    Artxandan, Urbasan, Santoinan.

     

     

    Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978