![]()
|
Agiriak
Sabin Muniategi
ARESTI GOGORATUZ
I
Euskalerriak darin oñazearen egun gogor auetako batean, arestiar aritz enbor sendoa udaberria oraindik odolean ta, oraindik bertso ausartaren itxarozko ale eskeintzariz, emaiz betea aurkitzen zanean eman diote bai, betiko ildoa, eriotz-mintzo ixil, illetariz.
Txori-egoetan aize giroa kanta-soiñutu zanaz batera ai Gabirel! Zu ere, betiko ioatearen etengabeko arian bai, eraman zinduten, eraman, ezkutu ixillez beteriko ta, gau illun-beltzez iantzitako illerrituen bidazti andanan.
Bai, eraman zinduten egiazko arnas iraultzalle, egunduaren eredu gartsu izan zanaren aria eten ta, argia itzaliz. Eraman zinduten iatorrizko aurrelaritza burrukalariz, erriaren abotsean dabiltzan zure arri eta abestiakin.
Euskal olerti etormenduaren Lizardi, Lauaxeta, Loramendi’z ta, beste, gazterik ioandako seme gotor batzuen antzera ioan ziñan zu ere, betiko, euskal parnasoan egundoko utsune latz, aundi bat utzita illezkortasun betiraungarriz.
Bere gogorakizun emaitzak, bere ametsak ta erokeriak, bere sakontasun goigarriak ta, beste olako iakingarriak ez billatu illobi arrietan baizik, ibillietako bidean.
Goazen bere Harri ta Herriz, —erabat illun ta argigarri— zeru esperorik ez duanakin, bere mailu, arrosa, krabelin, bere bertsogai azkatuetan daurkigun gizona aintzaraziz.
II
Goazen kitarra ta txilibituz erriari debalde artutako bikainkeri bitxi ta merkez, Altube maixu ta Axularrez oñarritzen ditun bitarteko gizon eredugarri iakintsuz.
Ta zeru-lurrak ere aztertuz goazen Baal, Belial, Goteunez, Bilbo’ko zorri ta zimaurtegiz, Arrakundi’ko txakolin gorriz ta, Izaro itxaso bazterrez, arako Neruda, Leon Felipez begipetutako aize miñez.
Goazen aintzalduz Santimamina oi dan solomo ta gorasarrez, abestuz erri baten samina. Goazen baita Anton ta Gilenez, orain Anton ta gero Gilen tronko ura zerraz ebakitzen.
Aria arituz, matazatuz, goazen Llaudio’ko kanpantorrez Begoña, Urbia, Arantzazuz, Jurgi Oteitzaren arri landuz; Bladi ta Zelaia ta Salonjez, Mikel ta Basarri ataundarrez ta, beste milla atorramenduz.
Gatz ta ospiñez opildutako arestiar trikimaillukeriz goazen bere gogai, bioztasunez, santu batzuk iantzi ta erantziz, bere argi-eredu kutunezko kanpo-aizez txanbelindutako bertso azkearen doaitasunez.
Goazen bai berarekin iardunez beren ikuste ta biboliñez, eusko abertzalien erotasunez, Zorrotza portuko protesta ta, Artxanda’n erretako buskantzez, ta, arako egun, moda ta, graziz, Indautxu’ko plazan neskatx baten hula-hulaketa ikusgarriz.
Ta, orain Gabirel, ta bein batez gure iritzi ta miritzietan Euskalerriaren zeru ta lurrez ta, zukin bat etorri ezarren, esan dezagun bai, abots batez: Bai. Gizon bat izan zan gizon bat, Euskalerri erdi illarentzat! Bai agur dagiot nik, gorasarre bidegille trebe, ausartari! Nire aitaren etxea defendituko dut esan zuan gizon bulartsu, olerkariari! Bakea beraz, Bakea... Egun Aundirarte!
Agiriak |