![]()
|
Agiriak
Juan Mari Irigoyen
ALTZA EDO HERRI BATEN HERIOTZA
Altzako dorre zatar hauen artetik, airea hautsez beterik, bihotza tristeturik, eztarria lehorturik, garraisi egitera noa eta galda:
—Zer da estetika?—, edertasuna zer den altzatarrok aspaldian ahaztua bait degu.
1940. urtean Altza Donosti egin zuten.
Bai, egun beltz bat izan zen Altzako historian, eta tamalez, Altza Donosti egin zuten. Egun betz bat izan zen Altzako historian; hemen gaude orain hil zorian.
Altzan gauzak pentsa, Donostian erabaki, zure azal berdean zauri bat zuten ireki... Zenbat odol xurgatua Jainkoak bakarrik daki! Eta aurrerapena ekarri zuten, aurrerapena diruaren zerbitzuan... Soinuak, bide hautsiak eta bide-zuloak, zikintokiak, hauts eta ke, ke eta hauts, gustu gabeko etxe zatarrak! Bigarren mailako biztanleak izatera kondenatuak.., Gutxi balio duk altzatarra! (Hori bai, animaliak erruz maite ditzagun, plazatik bertan, txakurtegia jarri zuten. —Zer da estetika?— Guau, guau, guau...) Baina honekin konforme ez,
—Zer da estetika?—
galdatu dut berriz; dorre guztien gainetik salto eginda Donostiko Avenida de España-n entzun da nire abotsaren oihartzuna: —Zer da estetika? Zer da estetika?...—, eta gero erantzuna: —Diruz bete patrika!
Milimetro bakoitza aprobetxatuz gero negozioa da handiago, eta etxe zatarrak gora, eta etxe zatarrak gorago.
Dorre bat hemen, dorre bat han, hautsaz hats har eta porlana jan..., noiz utziko zaituzte bake ederrean? Dorre bat hemen, dorre bat han, dorre, dorre, dorre... DORREMIFASOL, betiko musika berdina, pentagramaren ezina, estetikaren mina, zimenduaren ogirina, eta batez ere kaka zikina! Eta zikina hemen, zikina han, errekak kirasturik, negozioa eta dirua, belar-meten ordez etxe-metak, soinuen tronpetak, eta hahahahahaha... txi!, hautsa bait da berriro nire eztarrira iritsi. —Zer da estetika? —Diruz bete patrika! Altzan berdea berde zen, halakorik ez dago ia hemen, eta gelditzen den gutxi hori, negozio berri baten izenean noski, estaliko dute berde guztia uxatu arte. Orduan bai, azken odol tanta zurrupatua, orduan bai, bakean utziko zaituzte.
Donostiak zintuen irentsi katuak txoria iresten duen bezala, eta gaur Altza EZ ZARA ALTZA Donostiak kendu bait zizkizun galtzak. —ZER DA ESTETIKA? —DIRUZ BETE PATRIKA!
Gaur zatar eta hain zikin, atzo berriz elur, Agur betiko Altza, betiko Altza Agur.
Agiriak |