Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978

     

     

    Juan Mari Lekuona

     

    ENE ESKUA

     

    E. Txillidaren litografiak gogoan.

     

    Ene eskua

    eskultura bat da mitoz betea,

    kiromantziaren jakinduria bidea.

     

    Ene eskua,

    fetitxe xanpala

    burilez marraztua.

    Bizi beharraren historia apala

    berea,

    erretaula guziz irregularrean kontatua.

     

                  Adierazgarria zait

                  esku-zabalaren agiriko mezua:

                  arraiez,

                  ziriborro zaintsuez damait

                  odolaren ozkek grabaturiko enigmea.

                  Bertan sinboluz dagerkit

                  ene lehenaren eta etorkizunaren

                  orain-oraingo kartografia ezkutua.

     

                  Osasunaren luze-laburra dakar,

                  biziarena dioten zantzu bihurri sakona

                  —batzuentzat txarra,

                  besteentzat ona—.

                  Buruaren eta bihotzaren lerroak

                  berekin ditu,

                  ene aldartearen hotz beroak.

     

                  Izarrek utziriko

                  diamantezko silua dirudi;

                  gaudiaren altzotik datorkigun eragina,

                  oroskopoen kinu sargariz

                  urruneko mintzoa haragi egina.

     

    Liburu batena bezain argia da

    ene eskuko orrien jeroglifikoa:

    ene birtutearen aberetasuna,

    ene bizioaren aingerukeria.

    Hain dira ezberdin

    besteek nitaz uste dutena

    eta ene eskuok dioena!

     

    Ene espirituaren argazkia dut,

    ene materiaren aurpegia.

     

    Ona bezain txarra,

    txarra bezain ona:

    kategoria arruntagoetan

    neurtzen du gizona.

     

    Ez da hertzainen fitxa higatzailea,

    ez da elizgizonen iritzia,

    ez da jendeak nitaz dioena.

    Esku hau

    sakoneko klabe bat dut:

    jaiotza, poza;

    atsekabea, heriotza;

    maitasuna,

    lana,

    osasuna...

     

    Tapiz misteriotsu bat daiteke

    hala beharraren hariek

    —betiko «parka» larriek—

    odol ziztaren jostorratzez

    bordatua.

     

    Ez du inork ezagutzen

    ene gizatasunaren sakona.

    Neroni ere ezezaguna zait

    nigan dudana.

     

                  Eta ene eskua

                  gero eta zimurrago egin ahalean,

                  garbiago dakusket

                  neure bizitzaren misterioa:

                  bakardadean,

                  eta zergatik naizen,

                  eta zeinentzat naizen

                  jakin gabe,

                  azkenean

                  eskuok uraundituko zaizkidan

                  tximu bilutsa.

                  Diodan garbi:

                  askoz gehiago

                  eta hau hutsa.

     

    Donostia, Urrila, 1975

     

     

    Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978