![]()
|
Agiriak
Manex Pagola
GABRIEL ARESTI-RI ORROITZEZ
Bertsolarien doñu bat lagun olerki bezala zuri, Gogo bihotzak goibeldurik naiz bainan poxi bat urduri. Ez dakit nondik ikusten nauzun ez ere nahia duzun Zu oskarbi batzutan bezanbat ni ere bainago ilun.
Gure biziak, zerk bultzatuak? berdin hoin laster galduak Zuretzat ere oskorri gabe jo behar azken orduak! Ikusi zaitut ahotik ortzi, bihotz zolatik ikaraz Euskal gogoa duzu ernaldu etsi gabeko nigarraz...
Mendi tontorrak batzuek gorantz, zuk aldiz zertazko diren, Ez bazintuen denak zuekin nor da hortaz harrituren? Zure zurean nahi zintuzten batzuk berenaz ordaindu Zuk aldiz erran duzu harriak behar direla arraildu!
Mendietan lehoin asko balitz zu ere hor zintuzkedan, Marroekin eta bildotsekin ur beretik nahiz edan. Bainan ez dira hola egiten gauzak gizonen legeaz Bakea gerraz bezala nahiz gorria kendu xuriaz!
Zure izanaz nahi duena erran beza nork edo hark Zuk ere bazinakien ongi nondik atera pindarrak... Haizeak beti azkar jotzen du Kantauriko txalupetan Zure eginak eta ezinak sartuz hoien oihaletan.
Ene hauzoak eskatzen badit nor zen bi hitzez Aresti: «Etzian gizon honek beharrik azukrearekin ezti! Atzo bezala ikusten diat han dagoela orroitzen Borrokan direla gizarteak, guziz gurea, askatzen...»
Agiriak |