Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978

     

     

    Antton Aranburu

     

    ENE ATARIAN

     

    Ni naiz ni

    eta hemen naiz

    eta ni naiz Lur.

    Euriaren freskotasunak busti

    haizearen musuak ezti

    gizonen oinek zapaldu lur bizia

    lur hatsartua;

    neke, izerdi eta oinaze ororen sehaska

    nire anaiek ahoratzen duten egunoroko ogia

    irrifar orlegi bat zeruko urdinari itsatsia.

     

    Ni naiz ni

    eta hemen naiz

    eta ni naiz Ur.

    Amets ororen itokin

    itxaropen eta desio zaharren jario

    aho-eztarri lehor eta zintzur urratuen intz

    ur erori

    euri

    gizaldiz gizaldi bidean zehar

    gure mendietatik behera

    amildutako negar isila

    izate bereizi baten oihu busti

    eguneroko burruka baten oihartzun marmartia.

     

    Ni naiz ni

    eta hemen naiz

    eta ni naiz Su.

    Izotz-ondoko egunek sorturiko lore gorri

    eguzkiaren poema

    bihotzaren maitasun-kanta zaharra

    amodio eta nahitasun ororen habi epel;

    su

    sukartua

    su

    kixkalia,

    jainkoek ere ezin itzalia;

    gero

    bero baten

    labe

    guri-guria.

     

    Ni naiz ni

    eta hemen naiz

    eta ni naiz Haize.

    Jakintzaren zelaitik ihes eginiko ipuin hegalari

    giza-arnasa baten aurresku dardarti

    galdu ezinezko kontzientziaren xistu beti;

    ezin harrapatutako aurpegia

    ifarretik hegora

    sortaldetik sartaldera

    zabaltzen den egia;

    haize

    haizetsu

    zuhaitz-hostoen irri eta oinaze

    atzoko eta biharko denbora arrotzen orraze.

     

     

    Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978