Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978

     

     

    «Itsubia»

     

    SUA ERRETZEN

     

    «Izerdi» izeneko jainkoaren

    benetako enbajadore horiek,

    bizitza tailerra bihurtzen

    bizitzaz eguneroko lan astuna egiten

    poesiarekin mailua

    eta mailuarekin burnia lantzen,

    ikusiak ditut

    su-ta-gar jo-ta-ke

     

    Gure gizon paregabeko horiek,

    hitzak zementoz idazten

    lurra irauliaz

    azpikoa gainean jartzen

    eta ez odei ez eguzkirik ez dagoenean

    beren eskuekin itsasoko urak hartuz

    erreka zainari itzultzen,

    ikusi ditut nik neronek

     

    Hortzetik hortzera

    haizearen egaletan

    betiko galderak:

     

                        Gorriak           ala           urdinak?

                        Beltzak           ala           zuriak?

                        Berdeak          ala           horiak?

     

    Zer ote dira?

     

    Azaleko koloreaz neurtzen ditugu denak

    eta neurri berdinarekin gainera

    traje bat egiterakoan bezela

     

    Utz ditzagun koloreak

    eta koloreen arteko haserreak

    Euskal Herria beterik bait da

    gizon emakumeaz

     

    Gizon batzuk ikusi ditut bai

    beren herriaren alde

    borrokan diharduten horiek

    ondarra nahasi gabe

    arrastorik uzteke

    eta eskunarruak izkutatuz

    aldez aurretik nonbaiten

    beren eskuez

    sua erretzen

     

    Zapelatza ikusi dut zeruan

    goitik behera nola datorren

    bere mokaua harrapatu nahiean

    lurreraino heldu arte

    ikusi dut baita ere

    goseak ase gabe

    haserre bizian

    berriro goraka igotzen

     

    Sasien artean izkutatzen

    zakurrez inguraturiko

    piztitxoak ikusi ditut hemen

    ase ezinezko zaunkadak entzuten

    ikara era beldurrez

    bihotza geldirik

    eta arnasa hartu ezinez

     

    Beldurrak eraginda

    eta beldurra bera gaindituaz

    bizitza motz honen bidetik

    urrats azkar bezain sendoei eusten

    ikusi ditut neuk gizon ausarta horiek

     

    Bizitza presaka bizi nahiean

    Trago batean irentsi beharrez

    langile porrokatu horiek

    penaz ikusi ditut

    gazterik hiltzen

     

    Begietan malkoak

    bihotzak atsekabez

    amalurraren magalera

    bihurtu zarete

    «bizidunak bakarrik

    hil bait daitezke»

     

    Har itzazu

    bizidun direnez

    zeure sabelean

    amalur maite

     

    Sabeletik jaurtiko duzu

    berriro hainbat hume

    eta sumendiaren ahotik erdituko

    hilotzak kateetatik

    liberatzen dituzula

    eta bide batez

    hildakoen arimak berpizten

    bukaerari hasera emanaz

    betiko bidetan

    bide berriak egiten

     

     

    Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978