Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978

     

     

    Ibon Sarasola

     

    EZTEBE PAREDOIAN

     

    (Zirriborro probisionalak)

     

    PAREDOIA mementorik krudelena da

    Mementorik krudelena zazpiretako egunsentian paredoian

    Egunsentian paredoian eztarrira iganda korapilatzen

    Zaituen

    Antsia

    Zer egun da, zer ordu da, Jauna?

    Angustia

    Eztarriko korapiloan esplikagaitza: hau gerra da

    Hau gerra da. Mendien beste aldean, itsasoraino

    Zure lagunak borrokatzen jarraikitzen dira

    Oraindik. Diotenez

    Gauez berrirabazten dute egunez

    Abioien pean galtzen duten haitza.

    Lautada honetatik iparralderantz behatzen duzu,

    Mendiez bestaldeko gerrara paredoiko pake

    Ikaragarritik: iparralderantz

    Zuk. Zuk

    Aldiz hegoalderantz, zeren hegoaldetik sortalderantz

    Hegoaldetik sortalderantz zazpiretako egunsentitik

    Etsaia

    —zure itsasoa orain lehen aldiz ikusi duen etsaia

    Intxortako zure trintxerara helduko baita.

     

    Paredoia da unerik krudelena

    1937ko udaberriko haize urratuan

    Gasteizko lautadaren gainetik

    gortzen duten

    abioi urrundik helduak pasatzen

    ikusten dituzu

    Ongiaren eta Gaizkiaren infernutik batbatean jetsirik

    zure batailoi ditximatua birditximatuko dutenak dira

    zure laguna oroitzapen bihurtuko dutenak

    eurian

    agian ama alargunduko duten abioi urrundik helduak

    pasatzen ikusten dituzu

    zuk. zuk

    goizero zeure trintxeran, Intxortan edo Lemoan

     

    Zer ordu da, zer egun, Jauna

    itxaroten dituzunak dira, berehala,

    Ongiaren eta Gaizkiaren infernutik jetsirik,

    Bonben pean munduaren eta bizitzaren zentzua gal

    dezazun arte

    Bizitzeko gogo zoro hori, etxeko pake subazterra

    gortzen duten abioi urrundik helduak

    zure emaztea, emaztegaia edo arreba zaharrena erretagoardian

    akabatuko dutenak dira

    zure seme txikiak edo anaia jaio berriak

    eskolan ikasiko ez dituen

    bonbaldietan...

     

    ORAINDIK EZ ZEN habearen suntsidura eta kea

    metal irakinaren labetik jeistean

    atsegin ez zitzaizkizun gauzak,

    uniformeak eta numeroak, espaloiaren

    lege derrigorrezkoa zure bidexigor oin-hutsa azpiratzen,

    eta garoaren eta kresalaren

    hondamendia, oraindik ez ziren

    mila baino kantitate handiagoak,

    oraindik ez hizkuntza arrotza

    plomozko letra belikoez eskolaren paredoietan ikas-arazia

    zure hitz sehaskatsua amaren ezpainetan

    zetiatzen.

     

    Oraindik kanpaiaren erreinua zen nekazariaren

    jeografian, eta olaren ximista aldez aurretik

    aditua, atariko xakolin bertsolariaren

    jakituria ahoz-aho ezagutarazia. Orduan zen

    hamaika harri zutituen harremana, haritzaren hizkuntza

    udalehentsua abarkaren eta makilaren esan-nahi

    azkenean.

    Oraindik taula zen, eta xalupa, konstelazio ikas-berrien

    azpian, izugarria lamia-koba pertsekutatuaren keinua

    artzainaren ezpain tolesgabean.

    Ihiztari inoiz aipatuaren kanabera soila

    errekaren borondate guztiz mehearen egokitasuna

    borobilki gurutzatzen. Oraindik laboraria, kapitain bere goldean,

    eta uhin basatiaren krudelkeria arrokan

    miserere arrantzalea ondartzaren hertzean ehortzen.

    Baserritik jeisten den eztai-gurdian

    lihozko izera brodatuaren

    jabego oso hori, aztorearen eta oin hutsaren

    aboz oraindik ez lurperatua, noiz ezarri zen

    zure adin ahalguztiduna?

     

    Zure itsasoa ezagutzeko berrogei egunez eta berrogei gauez

    ibili behar izan duenak

    ez daki irakurtzen

    zure arbola elementalaren orria eta

    zure euriaren zuhurtasunaren eskuizkribua

    kalendarioz-kalendario

    mormoratua.

     

    UNIBERTSOAN EHORTZIRIK

    arrotz zeure etxean

    ate hertsiren eta leiho ahulki argituren

    ordu ezaguean

    ME HACEN EL FAVOR SEÑORES, SON 182

    ke airean zintzilikatuaren eta errege destronuratuaren

    garaia da

    Drugestorearen hesteetako zaldi izugarrietan.

    Bost edalontzi husturen artean Me han dicho que escribes en vasco

    qué dificil, no? Gasteiztarra, Estibaliz

    etorri behar ez lukeen trenaren xistua

    bezala. Udaberri berri honetan ez dituzu aurpegiak ikusten

    soilik behera-behar eragotzia lege orotatik at

    POR FAVOR SEÑORES, QUE VAMOS A CERRAR

    soilik hautsontzia pospolo erre eta zigarro-hondarrez gainezka

    beste egun bat beste hainbat bezalakoa.

    Pues nos lo pasamos ideal. Zu.

    Zu, arroztasunaren muga ikaragarrietaraino arrotz

    amorantearen ezpain urrunetan gudari beti bentzutua

    POR FAVOR SEÑORES, BUENAS NOCHES

    geldi zaitez orain nirekin

    BUENAS NOCHES. BUENAS NOCHES, SI, BUENAS NOCHES.

    Oh! aquí siempre esta lloviendo

    AGUR, BUENAS NOCHES.

     

    Donostian, Euskal Herria

    gu eta gure poema-liburuaren paredoi izugarriak.

     

    Zure bihotza da paredoirik desolatuena.

     

     

     

    (Oharra: Duela urte t’erdi, «Lauaxeta»-ren heriotzaren inguruan poema luze bat lantzen hasi nintzen, anglosaxoi poemagintzaren, eta bereziki T. S. Elliot-enaren irakuraldien ondorioz. Poema, Maldan Behera-ren egile Gabriel Aresti-ri eskainia pentsatu zen. Hemen papereratu direnak poema horren zati landu eta publikagarrienak dira, bere probisionaltasunean.)

     

     

    Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978