Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978

     

     

    Antonio Bilbao

     

    OROIMENEZ

     

    Izen baten bila zebilen gizona,

    ta nik esan nion:

    «Izen bat baino gehiago

    opa dizut, gizon».

     

    Izena herri baten idazten

    jarraitu zuen gizonak,

    ta nik esan nion:

    «Harri bat baino gehiago

    opa dizut, gizon».

     

    Ezen gizonaren izena,

    aldiaren boladak,

    haizeak lainoa bezala,

    eraman lezake.

     

    Ezen harria, denboreak mizkatuta,

    hondartzako hare bihurtzera

    zoripetua izan daiteke.

     

    Baina hala ere, bere historia

    idazten

    jarraitu zuen gizonak,

    ta orduan, nere ahalegin guztiaz,

    esan nion:

    «Zure ekina baino gehiago

    opa dizut, gizon».

     

    Gizonari opa diot

    bere historia baino gehiago,

    Ezen bere historia lurra da,

    ta lurra

    ezin daiteke izan

    gizonaren azken apurra.

     

    Gizonari opa diot

    bere arnasa baino gehiago:

    beste iraute bat,

    beste izate bat,

    traszendentzia bat.

    Ezen gizona ez da inor,

    heriotzaren beste aldetik,

    nonbait ta nolabait,

    nortasunik ez badu.

     

    Ezen gizona ez da inor,

    betiraune bat,

    orain betiko,

    presente bat,

    beragaz izanen ez badu.

     

    Plaka bat baino gehiago,

    liburu bat baino gehiago,

    oroitza bat baino gehiago,

    opa dizut, gizon.

     

    Ezen...

    Non geratzen da gizona,

    gizonen memoriatik galtzen denean,

    belaunaldiak

    lurperatzen direnean?

     

    Gizonaren denbora betikoa,

    bere memoria gizonen burutik

    galduta gero hasten da.

     

    Gizonaren bide luzea,

    denboraren muinetatik

    irtenda gero hasten da.

     

    Zorionak lagun zaizala, gizon,

    zure ekinaren ostean,

    zure denboraren errematean

    hasiera duan

    betiko bidean.

     

     

    Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978