Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978

     

     

    Manex Erdozaincy-Etchart

     

    AMETS BAT ETA BESTE...

     

                     — Neure laguna, neure lagun izengabea,

                         Zendako habila begiak bustirik?

     

                     — Nondik dator haize epelaren pereka?

                         Sortu nindukan bizitzeko eta...

                         Neure begiak ez dituk argiari ireki

                         Gauak sortu nindikan eta...

                         Berean bildu nik eta neramak!

     

                     — Gauaren neure laguna, neure lagun izengabea,

                         Zendako habila begiak lanbrotan,

                         Egun hemen bihar beste nonbait

                         Mamu baten gisa?

     

                     — Nondik dator haize epelaren bustia?

                         Sortu nindukan bizitzeko eta garraitzeko...

                         Baina, amets batek nerabilak,

                         Egun hemen bihar beste nonbait,

                         Beti-ta-beti urrunago, gaurkotik haraindian...

                         Gauak amets batean sortu nindikan hain segur

                         Eta berean bildu nik eta neramak!

     

                     * * *

     

    Neure bizia duk ezin kokatua

    Aspaldian itze bat bilatu diat

    Itze bat gogorra eta zorrotza

    Neure bizia duk ezin itzatua

    Egun hemen bihar beste nonbait

    Neure bizia duk harat-honerakatua.

     

    Behin eta nik uste gero, askotan ere,

    Amets bat egin diat

    Euskal Herriko haritz bat hautatzea

    Euskal Herriko ibar zola batean

    Haritz sendo bat hautatzea.

     

    Egunak

    Eta ilabeteak

    Eta urteak iragan zaizkidak...

    Haritz bat ez diat aurkitu

    Euskal Herriko ibar zola batean.

     

    Behin eta nik uste gero, askotan ere,

    Burruka guzien artetik eta atzetik

    Amets bat egin diat

    Euskal Herriko gure gorde bat hautatzea

    Euskal Herriko ibar zola batean

    Gune goxo eta baketsu bat

    Itzalpean.

     

    Ametsak berritu dituk

    Eta joan

    Ortzian lanoak bezala

    Gauean egunak bezala...

    Eta asteak, ilabeteak, urteak

    Joan zaizkidak

    Oroitzapen hunkigarriekin batean...

    Gune gorde bat ez diat aurkitu

    Euskal Herriko ibar zola batean.

     

    Neure bizia dukek nonbait ezin lotua

    Arkatz bat bilatu diat

    Soaren pausa leku

    Bederen soaren pausa leku...

    Egun hemen bihar beste nonbait

    Neure bizia dukek erro gabetua.

     

    Alta

    Ametsetarik landa

    (Zendako ez: ametsak bultzaturik?)

    Erroak egin nahiko nintikan

    Euskal Herriko ibar zola batean

    Laharren artean

    Han nonbait ixil gune batean

     

    Laharrek beti pusatzen dikeie

    Arkatz inguruak zainduz

    Baina

    Lagunik ez diat aurkitu

     

    Neure ametsen heinekoa

    Neure amodioaren betekoa

     

    Eta

    Banabilak

    Egun hemen, biar hantxet, etzi

    Ez dakiat non

    Neure ametsen heineko

    Neure amodioaren beteko

    Lagun baten bila...

    Arkatzetin eta laharrekin eta iturriekin

    eta haizearekin

    Adiskidetua den lagun baten bila

    Burruka guzien atzetik

    Bere izerdian iratzeen usaina dariona...

     

    Eta

    Banabilak

    Euskal Herriko ibar zola batean

    Han nonbait gune ixil batean

    Haritzpe bat izanen delakoan

     

    Neure intzirien kontsolatzeko

    Eta beharba

    Lagun bat ere

    Hilen naizelarik

     

    Neure gorputza

    Lurpean gordetzeko.

     

                     * * *

     

                      —Neure laguna, neure lagun izengabea,

                         Iruzkia gorde ziguk

                         Euskal Herriko mendietatik urrun

                         Eta gure Herriaren lurra

                         Uste diat arrotzek beretu digutela

                         Eta beldur nauk

                         Ez ditugunetz sekulako galdu

                         Geure ibarrak

                         Geure haritzak

                         Laharrak, iturriak, gaztainadiak eta arkatzak

     

                         Eta

                         Geure odolaren beroa?

     

                      —Nondik dator geure lurraren intziria?

                         Nondik haize epelaren bustia?

                         Sortu nindukan bizitzeko eta garraitzeko...

                         Ametsak hartu nik eta berean neramak

                         Gauak eguna bezala

                         Burruka guzien harainditik

                         Euskal Herriko ibar zola bat

                         Aurkituren dutalakoan

                         Eta beharba

                         Lagun bat ere

                         Hilen naizelarik

                         Neure edol beroa

                         Euskal Herriko lurrean biltzeko...

     

     

    Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978