![]()
|
Agiriak
Luis Mari Muxika
XIRLA DESESTALIA
G. Aresti-ri
Itzal krudelek hitz egin zuten, xirla morea hondar humilean ezkutatu zen, eta ezkutatuaz-gero berriro azaldu herriaren hats orokorra ur mozkor, galant eta unibersaletan gaindik harro gureganatzean.
Herririk ez zen, —bazen—, auskalo... euskaldunek ez zekiten, giroak bere ekinduran izpiritua jan baizion, halako herri humil, otzan baketsua... Herria herri zenik ere ahantzia zegoen, herriak erregerik, legerik, biltzarrerik ez zuen...
Baina, animali baketsu ta noblea bat-batean altxatu zen, suaren forma, metalen garraisia, grinaren haserrea ta aldiaren mozioa jantzi zituen.
Herria pizti bihurtu zen, krudel, anker, porrokatu egin bere asmoak.
Halako herri zintzo ta noblea (ah, gure «noble pueblo vascongado») hori herri zital, gaizto, erreboltari itzuli zen.
Gure herrian hitzak, begiradak eta laztanak zigorrak ziren, fusilaren besarkadak bere agina gure haragiaren ozeanoan hustutzen zuen, Europa osoa harritu zen, «ah, ah, herri zintzo, benedikatu hori zer jazo zaio, semeak hain gaizto bat-batean bihurtzeko?»
Gure semeetatik, gure andere eta asmoetatik (eta poetetatik) sentimendu gazia burdina bezala irtetzen da, eta aintzina ta geroa, oraina ta historia mendi handi, galant, sekulakoan biltzen da, eta askatasun-nahiaren hibai luzeak inoiz ez dira bukatzen.
Nahiz-eta nere herrian denak ez jakin, herri honek euskara bat baduela, naiz-eta, naiz-eta, naiz-eta... herri honen asmoak inork ez jakin (?), aspaldidanik xirla hondarreko lo moretik atera da, eta libertatea esperma galanta bailitzan gure asmoen, gure besoen, gure ahaleginen hibai behera galanki datorkigu.
Ez dut ikusi haiako esperma lodi, mozkor unibertsalagorik, hibai horrek hamar, ehun, mila seme bulartsu segida gozoan daramatzi, sabel gordinen isuria historia berri baten arroketan hautsiko da, ta sentimenduaren ardoak gure kale ta bulevarretan ihes egingo du... Zigorrak gure soinetan hitz egingo dute, zaplaztekoak gure ahaleginean ezinez lehertuko dira, eta gure asmoen kopa luzetik etsaiek, arerioek, zigortzaileek ere ardo berria edan, edan, edan beharko dute, ezpata basatien laztan metalikoa alferrikakoa izanen da, gure haragiak egunsentia beregan izanen baidu, aspaldian estalirik zegoen xirla humila eguzki berriak erantzi, desestali, desezkutatuka baidu...
Agiriak |