Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978

     

     

    Eusebio Erkiaga

     

    KANPAIAK ERE

     

    BEHAR ditugu kanpaiak ere,

    behar ditugu.

     

    AURTZAROAN

    eta gaztetxotan ere,

    kanpantorre ondoan

    durundi jario atsegiñez

    egunen iragan-jokoan.

     

    KANPAIAK aldatzeke du aho-mihi;

    alaere, mintzo ta esangura,

    doiñu ta oihartzuna,

    maiz aldakor eta berri.

     

    ANITZ esangurako baitira

    joareen durundak,

    noizko, nungo ta nolakoak diren;

    zoli, azkar, arin...

    astun, motel, illun;

    batzuetan argibide,

    iñoizka negar-eragiñen.

     

    ZERTARAKO ta zergatik

    oihu berezi?

    Aho-mihi duten gauzak

    direlakotz,

    itzik gabeko mintzo bizi.

     

    GAIÑERA

    kanpaia

    olerki

    aiña da,

    gurari

    betea

    doiñutan

    emana.

     

    GIZONAK

    eskuaz

    ukitzen

    duena

    ez baita

    betiro

    gauzetan

    onena.

     

    AI, Goethek entzun kanpae

    Pazko-goizekoak!

    Ele ederretan barrena xurga ta

    ura zirrararen goxo,

    sentimenaren muiñean!

     

    ETA alaxen urteoro ailitz,

    bake-soiñuzko goiz ura,

    Jaun onari dakioño.

     

    AIZEAREN egoetan

    oihartzunak bide bihurri,

    baiña beti aske,

    txoriek baiño ere askeago,

    albakoan, eguerdiko amabietan,

    abemaritakoetan,

    eta arimen kanpaietan.

     

    GAUEZ ari kanpaiak, ordea,

    izua du emaitz,

    neke eta gaitz

    aldarrika:

    estura-itz, el-oihu,

    kezka, ximiko ta

    auzo-premiaren ulu.

     

    IZUA urbil denean

    kanpaia nahi guk lagun;

    deusez bait gara,

    zurtz eta alargun.

     

    EGUNEZ entzun kanpaiak

    zaizkigun atsegin,

    neurrian emanak,

    ebakia berdin;

    alaxe odolak

    bere igi-tintin

    osasun denean.

    Entzumenak atxikia,

    ez eskuk ukia.

     

    EZ baita

    betiro

    gauzetan

    onena

    gizonak

    eskuaz

    ukitzen

    duena.

     

    ETA kanpaia bera

    uki badeza ere,

    doiñu-durundia

    ihesi doa,

    animaren intziria

    doan bezela,

    ezin atzemana,

    aizetan barrena.

     

    ERRIMIÑEZ mozkortzen gaitu

    joare jakiñen mintzairak,

    iri aundira bizibehar onek

    giro itogarrira erakarriok,

    ta ala, urrun-miñez ero ditugu

    begi ta belarriok.

     

    KANPAIAK ere behar ditugu,

    kanpaiak ere.

     

    GAIÑERA

    kanpaia

    olerki

    aiña da,

    gurari

    bizia

    doiñutan

    emana.

     

    ZERUMIÑA sorrarazten duena,

    olerki esan-eziñaren

    muin eta kemena,

    iñoizka elkarrizketaz

    argi ezin ditekeena.

     

    AI, Goetheren

    kanpai xamurrak,

    alaiak

    Pazko-goizean!

    Munduko bekaitzen ondagarri

    odei txurien egalean.

     

    GIZONEN mintzoak

    —bai gezurti, ez zintzoak—

    zitalagotzean,

    zoin den eder

    dilin-dalan leuna

    gizonaren bake-gosean,

    zuzen eta askatasunean!

     

     

    Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978