Patri Urkizu
HARRIZKO HAMALAUKOA
GABRIEL ARESTIRI
Non-nahiko taberna zuloan zure bozak
aspreki, solasetan oro zuen lehertzen;
gero, kaleetan zehar zinen paseiatzen,
haizatuz memorietako ezin pairatu lotsak.
Gazte kezkatioi zure iraun garratzak
zorroztasun bidea zigun adierazten,
non diren benetan beharrak oroitarazten,
nola jo ditu euskal herriak zigor gaitzak.
Halabaina, bizi ezinaren eskoletako
zelaietan zenbiltzen soil, eta armaturik
dialektikaren suaz usua askatzeko.
Gaur, elurra urtu da, belztu da tristaturik
karrikan haurtxoari negarra baitario,
eta estratak odolez baitaude gorriturik.