Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978

     

     

    A. Santi Onaindia

     

    ERORI INTZAN

     

    Erori intzan, azkenez,

    tantai bezela noski...

    Nundiko abots ixilek

    joa erori ote?

     

             * * *

     

    Arenegun

    ilun-garaiez

    euzkia beeratzean

    mendi maldan nengoan ni,

    ik maite induan

    Artxandan ixtapeka.

     

    Urrun zegoen euzkia,

    Santurtze bezain urrun,

    suzko bola betean

    izugarriro eder;

    eta beerantz zioan

    ur-zilartegia

    garrezko osin egiñik.

     

    Sua zan lenbizi

    gorri, diztirakor,

    galbide uts dituzun

    ezpain zabalen pareko.

     

    Leiarrezko gandutik gero,

    izar aitaren irria

    eribera ipiñi naiean,

    uztai beltza zan sortu.

     

    Biak, luzez, burrukatu zuten;

    erori zan euzkia

    bits urtuzko ogean,

    —loak artu aurra amaren altzoan

    Euzkiak azken printzez

    beltzari zizkion kiskali

    inguruko ertzak osoro.

    Ikusgarria ziñez!

     

    Alere erori zan,

    erori euzki gaixoa

    nere begien aurrean:

    elkar-iltze zakar ostean

    suntsitu zitzaidan argia.

     

             * * *

     

    Ala-ala, euskal arloan

    kemen aundiz jardunik,

    erori intzan i ere,

    erori intzan betiko.

    Itzali intzan, Aresti,

    eguzki diztikor!

     

    Aizeak ez dizu geiago

    ille-galparra zirkinduko,

    ezta euzkiak ire kopetari

    berorik ezarriko.

     

    Gandu beltzez betea orain

    ixilik datza Derion

    ire gorpu errimea,

    apeta etoian jausia.

     

    Ire izpiritua, ordea,

    gain dabilkigu urduri

    guztiontzat dalarik

    ezten zirikalari.

     

     

    Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978