Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978

     

     

    Daniel Landart

     

    ANDERE HANDI...

     

    Andere handi, andere handi

    Andere handi bat iduri

    Itzuli-mitzuli...

    Begi-keinuka, ardura deika

    Andere hori ari zait neri

    Itzuli-mitzuli

    Dena tripustelkeri.

     

    Andere handi, andere handi

    Handi bezain itsusi...

    Itsusi, itsusi:

    Suge eztena, zaia beltzak

    Heriotzaren hortzak

    Andere hori, andere hori

    Ezin dezaket ikusi

    Baita zinez beldurgarri.

     

    Andere horri, andere horri

    Iheska nabil, iheska

    Noiztenka, noiztenka...

    Baina ba dakit, ba dakit garbi

    Bihar ala etzi

    Andere horren beso-artera

    Beharko dutala erori...

    Erori, erori.

     

    Andere horrek, andere horrek

    Behin betiko

    Bereganatuko naunean

    Egun batean

    Ez dut nahiko

    Lorerik

    Negarrik

    Are gutiago

    Laudoriorik.

     

    Ehortz nezatela, ehortz nezatela

    Langileak, LANGILEAK

    Ehorzten diren bezala:

    Xume-xumeki; xume-xumeki.

     

    Eta zulo barnean

    Geldituko naizenean

    Bakar-bakarrik eta hotz-hotza

    Hotz-hotza

    Zuen bizitzak segi beza,

    SEGI BEZA!

     

     

    Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978