Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978

     

     

    HITZAURREA

     

          Irakurle,

          Eskuartean duzun liburu hau euskarazko liburugintzan aurkitzen den hutsune nabarmena betetzera dator; hau da, gaur egungo poeten antologia orokorra. Aita Onaindiaren bilduma, Milla Euskal-Olerki eder (1954), aspaldikoa izatez aparte garai guzietakoen olerkiz hornitua da, eta gainera azken hogetaka urteetan sortu direnak ez ditu hartzen. Duela hamar urte, Uhin berri-kin (1964-1969 bilduma), belaunaldi berriaren atal hautatuak erakutsi nahi nituen. Ondorean, Ibon Sarasolak, duela bost urte, Gerraondoko Euskal-poesiaren antologia (1945-1964) agertu zuen, poetarik entzutetsuenez osaturik. Hala ere, esan dudan bezala, egungo poeten antologia osatuago bat falta zen, zahar eta gazte, euskal literaturan poesiaz aritu izan direnen agerpena. Poesiazko liburu egile, edo hontaz aldizkarietan maiz jardun direnen lanekin behar beharrezkoa genuen antologia osatua.

          Gure adiskide min genuen Gabriel Arestiren ehortze egunean, 1975eko ekainaren 7an, Derion azken agurra ematera joan ginenen artean, bere ohorez zerbait egitea pentsatu genuen. Orduko asmoetatik sortu ziren Obra guztiak argitaratzea, 1976an Kriselu argitaldariak hasera eman ziona, bi tomotan bere poemarik gehienak argitaratuaz, eta urte berean Angel Zelaietak beste bi libururen bidez Gabriel Aresti biografiazko saioa. Nere gain gelditu zen poeta guziei dei eginaz bilduma orokor bat osatzea. Ni, ordea, besteak baino alperragoa izaki, eta honek ekarri dio batez ere liburu honi argitaratze atzerapena. Baina, erru guzia ezin diot bota nere buruari, nerekiko aitorpenaren ondorean, egin dezadan bestelako oharrik ere.

          Gure lehen asmoa, gaur bizi diren poeta guziei dei eginaz, G. Aresti zenaren omenezko liburu bat osatzeaz batera gaurko poesiaren antologia agertzea zen. Usterik, antologia honentzat erarik arrazoizkoena zela gure belaunaldiko poeta garrantzitsuaren gorazarrez agertzea. Deiak egin ziren, eta erantzunak poliki etorri baziren ere, ez motel; eta, hara hemen, egungo poeten AGIRIAK.

          Deietan gaiak libre utzi zaizkien, ezelango loturarik gabe bakoitzak bere gogozkoa libre eskaini zezan. Honegatik, lanik gehienok, gaiaren aldetik ez dute ezer ikustekorik Aresti zenakin. Hala ere, batzuk ordea, Aresti bera edo bere lana hartu zuten gaitzat. Libertate honek, gaiak zabaltzeaz, irakurtzeko era atseginagoa izan zezaken ustez aritu ginen. Poema guziak omenezko eskaintza honetarako eginak dira. Egin genituen deieri, bat edo bestek ez zion erantzunik eman eta bizpahiruk erantzun ziguten, esanez, aspaldi delarik poesiagintza utzia zutela eta arrazoi honegatik ezin zutela ezer bidali. Gure iduriz, adiskide eta poeta hilaren omenerako deia izan ez balitz, ezina izango genuen horrenbeste orijinal biltzea, eta alde hontatik ongi hornitua gelditu den ustean gara. Are gehiago, hainbestek erantzuteak bere eragozpenak ekarri zizkigun, zeren lanon ugaritasunak berakin eskatzen bai zigun uste genuen baino liburu handiagoa ateratzea. Egoera honek, argitalpen ideiak berritzera bultzatu ginuzen, liburu handi eta egoki bat argitaratzeko. Baina, ideia honek, bere aldetik, edergarriak ere eskatzen zituen eta orduan abiatu ginen artistei ere dei egitera. Eta, artistei egindako deia ez zen izan olerkariei egin genien neurri berekoa. G. Aresti olerkaria zenez, literatura mota honetan euskaraz aritu diren guziei deia egin bagenien ere, ezin zen egin gauza bera artistekin. Honetarako hautapenezko zerrenda bat osatu genuen E. Kortadik eta biok, zehaztasun handirik gabeko zerrenda, eta deitu genituen gehienak erantzun ziguten.

          Lanak aurrera, gehituaz eta edertuaz, argitaratzeko eragozpen handiagoak sortu zizkigun. Euskaldun irakurlegoa hain urri izanik, inprimaketa laburrak argitalpena gehiegi gareztitzen zuelako. Orduan, diru-etxe baten laguntzaz argitaratzea ikusten genuen soluzio bakarra; eta Gabriel Arestiri Hiztegi arauemailea egitea eskatu zion etxera jo genuen (gaur, honako hiztegi hau I. Sarasolaren esku utzia da), Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialera. Gainera, alargunari laguntzeko egile eskubideetatik diru zerbait atera nahi genuen eta hau ere ezin genezakean lortu holako etxe baten laguntza gabe. Jestio kontu guzi hoiek denbora aurrera eraman digu, baina denborak baino gehiago balio zuen gure poeta bikaina zenari gauza egoki bat eskaintzea eta gure ahaleginok hor joan ziren ongi merezia zuen ospearen alde. Liburu eder honek bere oroitzapena hobeto gordeko bai du.

     

    * * *

     

    Lur honetan

    ehortziko naute

    Ohore hau ez dautate ukatuko

    gizonek.

     

          Behin holako bertso librean mintzatu zen euskal poeta hil zaigu, berrogetabi urte bete baino lehen.

          Aresti, denen gainez edo ezer baino lehen, poeta handi bat zen, mundu hobeago baten alde sufritzen zuena. Eta trantze honetan, adiskidearen doluminez, poetaren hitzez esan nezake: «Neure dolorea bularraren lezean».

          Bilbon jaioa, 1933ko urriaren 14an. Hamasei urtekin hasi zen euskaraz ikasten eta hogetabat zituenerako hasi zen euskaraz idazten Guatemalako «Euzko-gogoa» aldizkarian. Ogibidez profesor merkantil zen, eta 1957an Euskaltzaindiko laguntzaile izendatua izan zen. Egan, Euskera, Olerti, Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan idatzi izan zuen euskaraz.

          Maldan behera (1960), Harri eta Herri (1964), Euskal Harria (1967), eta Harrizko herri hau (1970) poesia liburuen egilea.

          Gainera, Kriselu argitaldariaren sortzaile eta egun argitaldari berritu honen zuzendarietako bat.

          Euskal poesia berriaren eragilerik handiena, batez ere Harri eta Herri liburuko bertso libre eta sozial gaietatik hasita. Antzerkian ere, era berritzearen alde ahaleginak egin zituenetako bat. Jaso zituen saririk aipagarrienak: poesian «Loramendi» izenekoa 1959, «Orixe» 1963, «Lizardi» 1966 eta «J. M. Iparragirre» 1968; antzerkian «T. Alzaga» 1961.

          Lanok ikusi besterik ez dugu langile borrokatua zela igartzeko. Baina, denen gainez, esan dugunez, poeta handi bat. Konformagaitza. Euskararekin nekaturik jabetu zenez, gure herkideok ardura gehiagoz bide bera har zezaten ahalegintzen zena. Hizkuntza, herria, eta batez ere langileria zituen maite eta beregatik edo beren alde sufritzen zuena kantatzen zuen erarik errazenean adiaraziz:

     

    Gauza zelaiak

    errezak

    edonork konprenitzekoak.

     

          Eta era honen bidez sentiaraziko zituen bazterrak, eta poeta berriak sortuko ziren hor-hemen gure hizkuntza zaharrari gogoa berritzeko.

     

    Kantabriako itsasoaren kostaldera joan nintzen,

    eta Izaroren aurrean negarrez,

    nire poemaren urrezko orriak

    entregatu nizkien

    uhineri,

    hobe baita itorik hil,

    goseak baino.

     

          Mundu hontako gehienak bezala lasai bizi zitekean ezerekin arduratu gabe; baina ezin, justiziazko mundu hobe baten egarriak zeraman eta «...mundu honetan isuri den odolaren espilu» nahi zuen izan. Inoiz, poetak, holako galdeak egiten zizkion bere buruari:

     

    Zergatik metitu ote naiz

    halako enplego txar batean?

    Zergatik sartu ote nituen

    sudurrak

    hain kirats txarreko

    zer-egin honetan?

    Ez nintzen ni ederki bizi

    Bilboko hirian,

    gaztelaniaz,

    hispanidadean?

    Baina ez.

    Nire leinuaren ezagugarria da.

     

          Poetak, emaztea eta hiru alaba uzten ditu, bere sufrimenduzko poesian maiz presente aurkituko ditugunak. Bere azken poema liburuaren bertso batean hara nola azaltzen zituen herrianganako maitasun etsipendua eta familiaganako lotura:

     

    Inor ez da profeta

    bere mendean.

    Berriz etorri naiz

    pentsamendura,

    eta andre alabarik ez banu,

    pozik

    hilen

    nintzake,

    ene esanak kontsidera litzan

    euskal herriak.

     

          Poetaren bertso asko eta asko kantu bihurtu dira gaurko gazteen ahoetan. Eta, une hoietan, hemendik aurrera, errusinola bezala ari diren kantariek ez dezatela atertu bere hitzik, zeren gogoko izanen zuen hotsa.

     

    Errusinolaren kantuak

    nire arima

    bakez

    betetzen du.

     

          Azkenean, urte bete baino gehiagoan sufritu behar izan duen eritasunaren ondotik, betiko bakea aurkitu du.

     

    Hiltzeko edo ez hiltzeko

    beti geratzen baitzaio

    gizonari

    esperantzaren

    bat.

     

          Esanaz bukatzen zuen bere azken poema liburua, Harrizko herri hau. Bere penak, gogoz nahi zuen bakea aurkituko dute heriotzaren barruan. Bego atsedenean.

     

    * * *

     

          Azken boladan asko idatzi da Arestiz. Bi liburu handitan bere poemak argitaratzeaz, gure poeta diskutigarri baina handi honen hotsa zabaldu da Euskal-Herrietan. Ez nuke esango aburu guziak ez direla izan bere obraren ongarri, baina, zalantzarik gabe, gure poeta hau lehen baino zutituago, lerdenago eta sakonago jarri da. A. Zelaietaren biografia bera ere lagungarri izan du.

          Hiritar poesiagintzan, hala gizarte hauziaz, Lauaxetak beste inork baino lehen idatzi zuen euskal-literaturan. Baina, hala ere, Aresti altxatzen zaigu era horren pioner. Lauaxetak, euskal-literatura garaiko modetara eramateko era askotako saiaerak egin zituen, baina Arestik gogotik ekin zion bere barne muinetatik sentitzen zuenez, sufritzen zuenez.

          G. Arestik, Maldan behera baino lehen ekin zion bere bide berezi bati. Bere izategogoak markatu zion olerkari bidea, eta inguruan sumatzen zuen girotik bere barne kezkatian egosirik irauliaz jardun zen. Holako gogoak bultzaturik zetorrenak adiarazpen tresnak hartu zituen eta lanerako jakintzaz hornitu zen. Ez zen bat batean sortutako poeta. Eta Euzko-gogoan argitaratutako Godalet-dantza (1954), bere hizlaxozko oharrez, hor dugu lekuko, gure poetaren egunsentian. Shakespeareren hamalaukoek emango zioten bertsoak taxuratzeko irakaspena, Krutwig-ek kultur euskararen egarria piztuko zion eta J. Mirandek hizkuntza libreagoz hitzen balioa agertu.

          Gabriel ez dakit zerk eraman zuen bere poesi tresnatzat euskara hartzera. Gazteleraz errazago zuen, gurasoegandikako hizkuntza zuenez. Baina hau argitzeko ere kaku anitz badugu bere poemagintzaren barna. Mespresiaturik, bazterturik, marjinaturik dagoenaren alde maiz, maizegi edo kasik beti, agertuko zaigu. Marjinazio horrekin bat eginik aurkituko dugu, bere buru marjinatuaz oinaze mingotsak leporatuaz. Gure herri honen egoera lazgarriaren bidegurutzean noraezean, eta era berean gure gizon izatearen esistentzia larriaren aurrean. Gainera, ber berak zionez, «Bilbao deritzan infernu honetan...». Prolema larrietatik irten ezinik, izatea bera ere aski problematikoa aurkitzen zuelarik, ez da gauza erraza irtenbiderik aurkitzea. Holakoa zuen poetak izatearen malura. Besterik eskatzea, alperrikakoa zen.

          Sarasolak, bere hitzaurre jakingarrian (Obra guztiak-ren hitzaurrean), gizandien eroritze eta ehortzez Arestik zeraman larri-mina agertuko digu Maldan behera-ri egiten dizkion aburuz. Gero, baita ere, bide urratze haiek utzirik eta gizon zapalduekin bere burua bat eginik, justiziaren aldeko borrokara jotzen, hizkuntza gihartsu eta zuzenago batekin. Bertako esaldi eta humanismoak, 1963an, benetan liluratu ninduana, eta Maldan behera deritzanari ezer kentzeke, Harri eta Herri goraipatu nuen eta dut. Nik orduan esan nuenaren haina Mikel Lasak bere iritzietan agertuko zuenagatik. Honegatik, gaur, euskara edozeinentzako tresna dugu. Eta honekin ez dut esan nahi gizon bakar baten eragina zenik eta gizon hori G. Aresti soilik. Baizik, giro baten inguruko seme eta inguru horren adierazpengarriena berau delako.

          Gure poeta honen bi era nagusiak ordea, hor aurkitu genezazke, Maldan behera eta Herri eta Harri liburuetan. Hala ere, gainerako guzia ez da baztergarri, ezta gutiagorik ere. Ondorengoak bigarrenaren jarraipenez datoz, eta azken poeman, Azken Harria deritzanetan, gora behera handiak nabariko ditu, maizegi minkor eta irainkor. Hilobira eramango zuen gaixoaldiaren lekuko.

          Batzuengandik entzuna dut bere poemagintzaren topea jo zuela. Baina nik ez dut holako usterik. Oraindik gaztea zen, sortzaile ahalmenen jabe gainera, eta denborarekin aurkituko zuen bide berririk eta molde berririk ekintza berri baten barna, beste poeta askorekin gertatu izan den bezala. Hori bai, aitortu beharrezkoa deritzat, krisisean aurkitzen zela eta bere azken poemak ez zirela 1958-1964 urteetan egin zituenen mailakoak.

          Arestiren poesiak askok uste baino erresuma zabalagoak hartzen ditu, gizonaren esistentziaren larriminezko kezkatik gizarte hauziak zehar gizon apal eta langileriaren eskubideen borrokara artekoak. Izatearen gogoetazkoak ez dute izan gizarte borrokakoak hainako harrerarik, gizonok barne-gogoetazko saioeri gutiegi emanak garenez, baina Aresti sakonki aztertu nahi duenak bi eratako munduok gogoan izan beharko ditu. Sarasolak aski ongi erakutsi digu hau, eta oraindik ere zirrikitu asko, ilunbeetan ere argi mehar asko eta sigilurik ere anitz dugu Arestiren poemetan zehar.

          Berekiko kontradizioak izango zituen, baina besteentzat ere kontradiziorik aski utzi du.

          Aitortu beharrezkoa dut kanta-berrigintza bere poesiak bultzatu zuela. Baina, kanta berrietan ere, maiz, borrokazkoak soilik hartzen dituzte, bestelakorik ez balu bezala. Eskergarria da G. Arestiren omenez Oskorri taldeak aterea duen LP diska, doinuz oso ongi jantzia eta Natxo de Felipek ederki kantatua. Baina, hemen ere, joera batekoak soilik hautatu dituzte.

          Kontradizioa berriz, gure herrian bizi bizirik dagoen errealitatea besterik ez baita. Beraz, har poetaren muinetik, azaleko gauzak alboratuaz.

     

    * * *

     

          Gabriel Aresti langile izugarria zen eta eten gabe jardun zen euskal-literaturaren alorrean.

          Esan dugunez, antzerkiaren bide berriak urratzen ahalegindu zen, eta haipatu ditugun poesia lanez aparte gogoangarriak ditugu honako antzerki hauek: Mugaldeko herrian eginikako Tobera (1961), Justizia txistulari (1965), Etxe aberatseko seme galdua eta Maria Madalenaren seme santua (1963), ...eta gure heriotzeko orduan (1964) —laurak Egan aldizkarian argitaratuak eta gerostik, laurok, R. Saizarbitoriak Lau teatro Arestiar deritzan bilduman argitaratu zituen, 1973. urtean, hitzaurre batekin—, horiez gainera beste bosgarren bat ere bai, Beste mundukoak eta zoro bat (1969an «Euskal Elerti 69» bilduma liburuan, 329-402 orr.). Gainera, beste lan berezi batzuen artean Malgizonen abenturismoa (1972), Mundu-munduan (1965) eta Hiztegi tipia (1973) A-tik D-ra arteko hiztegia.

          Azterketa lanik sakonenen arteko zituen «Flexiones verbales empleadas por Pedro de Axular en su obra Gero», Principe de Viana Mintegiaren Fontes Linguae Vasconum-en 8. zenbakian (1971), «Flexiones verbales empleadas por Leizarraga de Briscous» eta «Léxico empleado por Leizarraga de Briscous» Fontes Linguae Vasconum aldizkari berean 11 eta 13. zenbakietan (1972-1973).

          Gainera, beste honako lan hauek euskaratu zituen: B. Brecht-en Xixtima zoriontsu bat (1968an Bilbon Kriselu taldeak aurkeztua), T. Meabe-ren 14 alegia (1968an, Meaberen gaztelerazko orijinalaren ondotik bere euskal itzulpena eta baita ere R. Salvat eta X. Alonso Montero-ren katalanez eta galegozko itzulpenez), F. Marcos da Portela-ren Nekazariaren dotrina (1969), Nazim Hikmet-en Lau gartzelak (1971), F. Garcla Lorca-ren Seis poemas galegos (1974an, lau hizkuntzaz Madrid-en argitaratua), Castelao-ren Nos (1974an, hau ere Madrid-en lau hizkuntzaz argitaratua) eta V. Paz-Andrade-ren Pranto matricial (1975ean Coruñan argitaratua bost hizkuntzatan, portugesa gehituaz).

          Azkenez, Asterix-en liburuak itzultzen ari zen, lau kasik bukaturik utzi zituen eta 1976an argitaratuak dira, Jesus Mari Arrietak osaturik. Eta, X. Kintanaren laguntzarekin Batasunaren kutxa (1970) deritzan liburua gertatu zuen.

          Lastima izan zen holako poeta eta holako langile bizkorra hain gazterik hiltzea. Bere heriotzarekin, euskal-literaturak, gure gizaldiko idazlerik hoberenetako bat galdu zuen. Omenezko liburu honen bidez, ongi merezia zuenez, euskal poetak eta artistak bere izena goretsi nahi dute eta hemen dituzu AGIRIAK.

     

    Juan San Martin

     

     

    Agiriak
    Euskal poetak eta artistak
    G. Aresti-ren omenez

    edizioa: Juan San Martin
    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978