Hitz berdeak eta Manifestu atzeratua, audio liburu
Joxe Azurmendi hil zela hiru hilabete bete diren egunean, Hitz berdeak (1971) audio liburu formatuan eskaintzera gatoz auzolan eskuzabal bati esker. Azurmendiren obra literarioaren erraldoiak ia ertz batean laketzera kondenatua du XX. mendeko poesiaren mugarrietakotzat har daitekeen lan hau. Manifestu atzeratua ere emendatu diogu, zentsurak liburutik kanpo utzi bazuen ere, garai bertsuko erreferentziazko olerkia delakoan. Auzolanean, ahots koru zabala osatuta erdietsi da egitasmo hau burutzea. 102 ahots elkartu dira Hitz berdeak liburuko 142 poemak grabatzeko. Manifestu atzeratua, berriz, 53 ahotsen arteko mosaiko koral txatalkatuan emandako aldaeran dakargu.

Gizaki modernoaren kanpo eta barne gatazkek isla gordin gihartsua dute Azurmendiren poesian, gerora ia mugarik gabe garatuko zuen pentsamenduari eman seguruko iturburua ezarriz. Garaiko euskaldunak modu problematikoan bizi du Euskal Herri zakarki zanpatu batean egokitu beharra.
Hitzak behar ditu poetak, eta bere barrua eta mundua azalduko dizkion herriaren zainak ongi konprenitzea. Bilaketa nekagaitz horren lekukotza da Hitz berdeak, jario emankorreko hizkuntza abisal berritu baten musika ez ezik, ortodoxia oro durduzatu asmoz eratu diskurtso harrigarri askea asmatzeko ausardiaz datorrena.
Joxe Azurmendiren pentsamendua seguru asko ezin uler daiteke osorik bere poesia gabe, eta bere ondorengo pentsamenduaren ekarriak bihurtuko du agian poema hauen indarra menderaezin, eta hain libre.
30 urte bete gabeko gaztea zelarik, Azurmendik honela idatzi zuen:
Baina hil nadinean,
nire arima ehorzteko
bota ezazue bide ertzeko
pago zaharraren ondora.Oroimenen
eta itxaropen inposibleen orbelez
estali,
pausoak entzun nahi ditut
heriotzaren ondotik.Otoitza egingo du euriak.
Eta merezi badut
euskal herriek oroituko naute.
Badirudi Joxek merezia duela “euskal herriek oroit” dezaten eta, “pago zaharraren” ondoan, “oroimenen eta itxaropen inposibleen orbelen” azpian, besteon “pausoak” entzun ahal izango dituela, ugari samar.

