Txiki eta Otaegi
Joxe Azurmendi

Zabal, 1976
armiarma.eus, 2025

 

Begietatik pasa dira balak.
Espainolak ziren.
Ezpatak ur dardaratan.
Heriotzak ez dira
Burgosen bakarrik fabrikatzen.
Espainia heriotze fabrika bat da.

Jaungoikoak utzi zuen herria.
Garraisika
katedrale gotiko zorrotzaren
lantza puntak. Gaztela garbi.
Euskal mendi nahastu.
Andreak eta gizonak, negarra darie begietatik.
Euskadi guzian entzun dira bala zartadak.

Otoitz bat emango dizut
biderako, bake zapitxo batekin.
Eramazu zure izenaren hostia,
eskuetan hartuta
ama batek bezala,
heriotzaren etxera.
Otaegi, Txiki.

Haurraren azkeneko irribarrea
ta balazoak triskaturiko
kanta eman diogu
Bartzelonari. Euskadiren mesedea.
Askatasuna da, hiltzen eta kantuz.
Zure irribarreak eta kantak
—goratuta Euskadi—
ekarriko zaituzte Euskadira.

Inuzentearen heriotza ematen diogu
Gaztelari.

Katedrale gaudianoa. Zemento
akribilatua. Dorre su bat negarrez.
Harrizko tormentu bat.
Katedrale bat gudarien heriotzari
eman digu Bartzelonak.

Inuzentearen heriotza eman digu
Gaztelak.

Kasi penarik ere ezin sentitu da
hirian. Otaegi zen —
Askatuta Euskadi biokin
heriotzean— Txiki zen.

 

Txiki eta Otaegi
Joxe Azurmendi

Zabal, 1976
armiarma.eus, 2025