Uhin berri (1964-1969)
Juan San Martin

GAK, 1969

 

 

HITZAURREA

 

      Garai bakoitzari berea. Euskal poesiak badu uhin berria, gure literaturan bere toki berezia eskatzen duena eta ongi merezi duena. Uhin berri hau gogoan harturik egin dut eskuetan duzun bilduma. Jokera berrien ikus molderako beharrezkoa ginuen oraingo gazteen poemak liburu batean biltzea. Hoietako batzuek beren liburuak badituzte ere, beste batzuek aldizkarietan banandurik aurkitzen dira eta elkarren ondoan emate honek adieraziko digu egungo gure poesiaren neurria eta joera.

      Uhin berri hau mugatzeko ez dut hartu neurri hestuegirik poesia mota aldetik, hala behar bazuen ere. Hoietatik badira, bizpahiru, era berriz hornitu gabeak, baina irakurleak laister hatzemango dio. Begiramendu zabalez hartu bai ditut, behar bada hobeagoeri toki gehiago emanez. Hautatu diran poesiak ere, hoberenetarik badira ere, ez naiz gehiegi arduratu hautamen zehatzez punterengoak jartzera, baizik poeta bakoitzaren poemagintza taxura batean dierazteko gai direnak.

      Hautamen hontan kontuan izan dut idazle bakoitzak duen entzutea, idatzi dituen poema liburu, jaso dituen poesi sari eta abar. Urte-mugak zehatzak jarri ditut: 1964 ingurutik hasi eta geroruntz ezagutarazi diren poemak; 1930-aren ondorenetik mundura sortu ziren poetenak [Lehenagoko jokerak ezagutu nahi dituenak ikus beza A. Onaindiaren Milla euskal-olerki eder, 1954]. Bereziki: 1964-eko gizaldi berritzat izendatzen hasi gerana da, gutxi gora-behera.

      Zaharragoen artean badira hemen agertzen diren baino poeta era berriagokoak, baina oso gutxi. Hemen oso gutxi diren bezala era zaharreko poesia moldeetan finkaturik jarraitzen dutenak. Horrela ikusi bai dut egungo uhin berria agertzeko erarik hoberena. Urteeri begiraturik, muga horren buru Baionako bilera eta Harri eta Herri jartzen dira. Intentzio pixka bat izan dut gauza horrela jartzeko; izan ere beste aldarte bat ekarri zigun. Baina, hala ere, lotsagabe aitortu nezake, gaurko mugimendu mizkor hau, lehengo emaitza jatorren bultzadaz heldua dela. Izen gehiegi dira hemen aipatu beharrezkoak, baina norbaitez ahaztutzeak ez luke barkamenik, eta, bestalde, muga zehatzak jartzeak ere bere harriskuak ditu. Kontu honetan, oraingoz behintzat, ez dut nahi hutsak nere lepora hartzerik eta ez noa izenik ematera. Bereziki aipa nezazken Lizardi eta Lauaxeta-ren ondoreneko hamar-hamabi poeta puntarengo, baina irakurleak konprenituko du eztala horren premiazkoa uhin berri hau aurkezteko. Euskal poesiaz zerbait arduratu direnen oroimenetan argi finkatuak dauden izenak dira mugimendu berri honen eragile. Baina, inoiz lan luzeago bati oratzen diodanean sartu beharrezkoak izango ditut.

      Hemen, bereziki, uhin berriaren urratsak adierazi nahi ditut. Zer du beraz, era berri honek, bere giroa zertzen duena? Gazteak aurrez-aurre arkitu duan injustizizko egoeradun gizarte moldakaitza, mundu harrigarria, mundu ustela, gizona menperatzen duena. Hortikakoa du egungo gazteriak bere egon ezina, kezka, griña, larri-aldia..., sinismenaren uste berak ere gogoa betetzen ez diotela. Gizondu orduko gauzak horrela arkitu dituzte, lehengoek jarririk, eta heurok aldatzeko ahalmenik gabe. Horregatik, erantzunez, beren protesta erakusten dute, egoera honen iraultza laket zaielarik. Baina ez uste zintzo ari ez direnik. Mundu honen aurrean gogotik nabari dute beren zintzotasuna. Gazteria beti izan bada bere toleskaitzean zintzoa, gaur egun inoiz baino tinkoago agertzen du dohain hori. Hala agertuko du Maria Lurdes Iriondok kantuz: “Gazte gera, gazte. ta ez gaude konforme”.

      Maria Lurdes aipatu dugunez gero, esan beharrean naiz era berriko poesia bilduma batean beren tokia merezi dutela berak eta Benito Lertxundik. “Ez dok amairu”-ko kantaririk gehienak heurak sortutako poesiaz ari direlako, baina idazleen bilduma danez, euskal aldizkarietan idaztea ohitura dutenak bakarrik jartzen ditut, eta hauetarik ere ez guztiak, noski. Bestalde, kanta berri hoietakoak, batzuek hemen arkitzen dira talde hortako beste batzuek sartzean, eta hobeto eta gehiago ezagutu nahi dituztenak jakin bezate Hendaiako Editions “Hernani”-k argitara zuen Chansons Basques - Eskual kantuak (1967) liburuan eta Euskal kanta berri izenez L. Urdapilletak gertaturiko bildumatxoa (Iruñe, 1967) arkitzen direla

      Nere asmua poesia soila denez, poeta berriak sail batean ezagutzera ematea. Eta honekin lortu ahal dugu gure argitaldarietan leku gehiago ematea, hoietariko bakoitzak bere liburu berezia izan dezan. Hoietariko bakoitzaren bildumak osatuko luteke gaurko euskoen poema nagusia izan daitekean erako zerbait, aberatsa, ugaria, gure literaturaren mugimendua suspertuko lukeana. Poesia izanen bait da gainerako literaturaren gidari.

      Inoiz izan baditu euskerak gizaldi berean poeta ugari eta onak, gaur ditu. Giro honen emaitzatik etorriko zaigu gure egungo poesiaren nagusitasuna. Zeren, gaur, gure poema nagusia goragoko mailan jartzea, gogoan izan, persona handi soiletik ez dela etorriko; egile izugarrien denborak aspaldi igaro ziren, eta gure poema nagusia, ene iduriz, guztion artean betetzeko lana da, askorengandik letorkeana, eta ez bakar batengandik. Hau, gainera, goraka agiri dan gauza da. Gaurko poeta gazteak badu hortaz jabetasuna. Badaki egungo herri-giroaren kontzientziaz jabetutako poemagintzatik behar duela. Giro hori helduaz dijoa, gure gazteak arduraz jabetzen dijoazten neurri berean. Eta etorriko ahal da egun bat, asko luzatu gabe, herbesteetan entzute handiagoa izango dana, etxekoen errespeturako ere. Bai; inor bere etxean profeta ez danez, hauzoak bertako askok baino arduratsuago begiratzean etxekoak iratzartuko dituen eguna. Baina egun hortara heltzeko, etxe barneak ere garbitu beharko ditugu, menderatuaz ditugun euskaltzale erdaldunak eta abertzale erdalzaleak. Hauek direlako euskeraren etsairik zuzenenak, beren fedea egintzekin betetzen ez dutelako.

      Bestalde, gaurko gazteengan, hizkuntza bere zilborrari begira jartzeak eztu baliorik. Hauentzat, hizkuntzak gutxi balio du, oso gutxi; zerbait esateko ez bada. Euskal kanta zaharren erara, poesia berri honek, euskerari bere funtzionaltasuna lemaio.

      Poesi hizkuntza bera, muina mamitu ahal izateko, oraindik landuagoa behar du izan. Aspalditik datorkigun akatsa dugu hau; garbikeriak herriari, utikan!, esan zionetikakoa. Orain ari da berera igortzen, iturri zaharretara itzultzen, baina oraindik gehiago itzuli behar du euskal kanta-zaharren erroetara, zeren Euskal Herriak poema nagusirik izatekoan aintzinako herri kantak bai ditu. Beraz, bertatik edan beharra dute gure poetak.

      Gainerontzean, gaurko pentsamenduzko eta ispirituzko sentipenen moldetara eramanez ari dira. Egungo euskal literatura, era guzietara, mundu zabalera antenak jarririk bizi da, eta hala behar du, bereziki euskal poemagintza.

      Honek eztu esan nahi lehenagoko erak ere noizbait kanpotik hartuak ez zirenik. Baina kanpoan zaharrez baztertu ondorean ezin geneza gure artean irauntza eman; ez bait da gurean iraun izateko errazoirik. Egunean egungoari lotzea zaigu hoberena.

      Uhin berriak dakarrena ezta laister pasatuko dan moda bat, norbaitek uste duen bezala, baizik literaturak bere eboluzioz dakarrena da. Geroari gaurkoaren balioa adieraziko diona. Eta, bere muina, muinik duenean, sentipen adierazle izanen dire bihotzik dan lekuan oihartzuna arkituko duena.

      Garai bakoitzari berea emanez, izan gaitezen gure mendearen seme, eta betorzte gerora uhin berriagoak. Biziaren legea danez, bizi beharrak eskatzen du.

J.S.M.

 

 

Uhin berri (1964-1969)
Juan San Martin

GAK, 1969