|
Uhin berri (1964-1969)
xabier lete
Oiartzunen (Gipuzkoa) jaioa, 1944-ko apirilaren 5-ean. Ofizinista, batxillerra egina. “Ez dok amairu” taldeko kantaria, 1966 eta 1967-ko “Agora”-ko poesi sariak eraman zituen. Bere poema liburuak: Egunetik egunera orduan gurpillean, 1968, eta Arrastoa eta itzala izeneko liburuxka argitara gabe. Horrez gainera kanta diska baten egilea da.
BIDE EZKUTUA
Harria, egurra, sua, ura burnia odola trena barkua laiñoa lau piku sei eltze tamiza, katea, polea litro erdi bat ardo Naparroatik ekarria. Ideak, pentsamentuak koraje gutxi, Aizpurutxo-ko erretore gittarra jotzaillea eta bere anima kondenatu nahi duten zazpi milla etsai.
Alkia eliza bakea dirua, bankero jauna, atoz peka- taria.
Kartzelako ateak laixter itxiko dituzte. Giroa, kidea, bolara, proposizioa oposizioa leiaketa, ikatz almazenak eta morala: zeharo debekatzen dizuet.
Gure izakera jatorra, meza ezpatadantza euskera gaxoa dibidendoak belarrimotzak koreanoak hiru milla peztako soldat ugaria amurraiak elkarri mokoka beste harek esan bezala.
Merkatu Batua, zelofan papera diskursoa promesa programak sistemak etxeak sindikatoak bakea ordena. San Agustin-en filosofia. Kontuz ibilli komunismoarekin, balio dezuna ordainduko dizut ez gehiago ez gutxiago. Ni ez nauk politikan sartzen...
Laratzean sua baratzean tipulak txuleta jatea bizitza lasai eta ederra alajaiña, alajaiña.
Marmita bete esperantza, maitasun berri bat bihotzean. Etorri dedilla hoiek kendu nahi dizkidan majoa. Mundu gaxoa hain zahar ta hain gaztea, oraindik ikusi behar dituzutenak.
ASARRE EGOK NAHI NUKE
Asarre egon nahi nuke bihotza betean oraindikan gaztea naizen bitartean, nik sinisten ditutan egia trebeak biribilka ditezen erdiko kalean.
Ez dakit gauz askorik, ez nago seguru. Bizitzeko baditut oraindik bost ordu. Hiru pasa nituen bideak billatzen eta beste hainbeste lehengoak urratzen.
Nundik nora nijoan ez da gauz argia, bainan aserre nago, hori da egia. Eta egon nahi nuke bihotza betean begiak betean eskuak betean oraindikan gaztea naizen bitartean.
Uhin berri (1964-1969) |