|
Uhin berri (1964-1969)
martin garin
Olaberrian (Gipuzkoako Goiherrian) jaioa, 1944-eko maiatzaren 10-ean. Apaiza. Apaizgoa Donostian egina du eta Politika Zientziak Madrilgo Unibersidadean. Zeruko Argia-n inoiz idatzi du, eta bi poesi liburu argitara gabeen egilea dugu. Poema sozialok gihartsuak dira.
GAUR...
Gaur nik, nahi nuke, zerura begiratu, lurra hauts egin nere eskuetan eta zabaldu, goian, zeru ondoan. Gaur nik, nahi nuke, odolean sentitu nere Herriaren ohiuak. Banatu euskal ezur zaharrak, umeenak, gurasoenak, emagalduenak, apaizenak... Eta Erre, bi harri zahar egurtzien garrarekin. Sentitu, ezur zaharren idatzi gabeko istoria. Gaur nik, nahi nuke ez jakin nola utzi zituzten euskaldun haiek beren ezurrak. Ez jakin, nola hil ziran. Askoak, bakarrik, bakarrik, gau illun batean edo egunez besteekin batera, gerran edo konformidadean penaz agur egitean. Gar horrek esango dit, zer izan zan ezur haien pentsamentua eta sentimentuen mamia. Gar horren keak, esango dizkigute, haien haunditasuna, eta haien begien samurtasuna umeen negarrari begiratuaz. Ezur zaharrak erreko dira denboraren zorromolloan. Eta, gero, haien, bizitzen laburpena, gu, euskaldun berriak!
U.S.A.
Opari. Opalari itsua. Esku zikiñak odol ta lokatzarekin. Haundia indarrean. Jatorra legeen istorian. Negargarri orain aldian. Erretakoak pilatzen dira itxasoaren ondartzetan. Hildakoak pilatzen dituzu. Emakumeen gainean igotzen zeratenean, haundiagoa bihurtzen da zuen pisua. Gorrotoa azpian maitasunaren irudian. Hoien odola alperrik ixuria Ibaiak osatzen dituzte. Heriotza. Negarra. Zorigaitza, erditzen dituzute zuen indarra neurri gabekoa dalako. Zuen umeak, gerraren ugaritasunean erdituak izan diralako, eta zuen sua, askatasunaren sua, zuen lurraldeetan bizi diran askorentzat, itzalia dagolako. Indarraren eska bidean, herri batetik bestera, itxasoa bezela, hausten dituzu herritarren asmoak lanaren asmoak, eta, zergatik ez...? askatasunaren asmoak. Zapaldu ditzazu herri guztiak. Kendu. Erre. Desegindu. Emakume ta gizon guztiak salgai jarri. Oso indartsu zera. Indarrak ez du legerik, baina bai akats bat. Gudari guztiak beharrezkoak dira. Gizon guztiak, anka-hutsik ibili arren, beharrezkoak dira. Apaiz guztiak, beharrezkoak dira, diru zale izan arren. Bainan beti akats bat. Eta akatsa da norbaitek pentsatzen astea. Eta pentsamentu bakar hori zabaltzea.
Uhin berri (1964-1969) |