|
Uhin berri (1964-1969)
paulo iztueta
Berastegin (Gipuzkoa) sortua, 1941-eko martxoaren 22-an. Aita Sakramentinoa. Bere ikastaroak Madrilen eta Erroman gehitu zituen. Aldizkari askotan eman ditu bere lanak, eta poemak, batez ere, Olerti eta Egan-en. Poesi liburu bat du argitara gabea, eta bertatik Mailuarekin deritzan poemetarik hartu ditugu egunkari eran eginikako zati hauek.
HITZOK Egunak 25
Ez ta ez! Ez noakizu aurrerago! Zaplaztekoa erantsi didate; bortizki mexatu bainaute ixildu nadin derrepente... Profeta bat omen nirudien, ta etorkizunak deus enekin. Oraingo ipur-zurikeriaz niarduen eta hortzak erakutsi zizkidaten! Farsanteak marruka ari dirade, gezurra dariotela oro debalde, ziraunaren ahotik agortutzeke.
ATZO Egunak 28
Nahiago nuke atzera bi pauso egin. Igaroaren jarrai itxaropenak narama aintzinako jatortasunera; hor baitago “Hutsaren” hazia, han nitasunaren jaiotherria, han lurpera behar ditut nik soineko ezurrak eta hautsak, jaso nazan sorburu-osiñak, betikotasunaren hilobiak! Hurrutiago abendats, hurrutiago ene aztarna, harexeago esistentzi bat; eta sakonaren magalea inguratuz “Gu”, “Denok”, “Hutsa”, Jorge Oteiza.
Lurrean etzanda entzunez nago orduko sinfonia... gaurko habarrotsa... ...eta etzaida sartzen ohiartzuna belarrira; bai lur-zolaren dardara.
BIHAR Egunak 29
Aitaren kutxa emanen zaio behartsuari, Jaunaren barkapena pekatari otsanari. Egizaleak izanen du Erreinua; gezurtiak ba-duke inpernua. Noan, gezur-mamurik gabe, gizonen eiztari; hoiengan arkitu bainezake Goikoaren argi.
ORAIN Egunak 30
Noiz arte nagoke deika? Noiz arte entzun-bera? Nire etxean itzali zen bakea; arrezkero ezta sortu eguzkia.
Uhin berri (1964-1969) |