|
Uhin berri (1964-1969)
julian lekuona
Gipuzkoako Oiartzunen sortu zen, 1938-ko uztailaren 18-an. Beste poeta handi baten anaia da: Juan Mari, Mindura gaur-en egilea. Apaiza hau ere. Priestley-ren Ertzaina etxean eta Tennessee Williams-en Kristalezko zoo antzerkiak euskeratu ditu. “Ez dok amairu” taldekoa da eta kanta berri asko sortu ditu. Kantuz diska bat ere badu.
HILTZAILE BAT BEZELA
Hiltzaile bat bezela hemen naramate, bi eskuak loturik mundutik aparte. Errurik ez dutala azaldu nahi nuke egia nahi dunantzat emana dut merke.
Egia esan eta, zigorrez erantzun, gure bizkar moretan diteke irakur. Egia utzi eta hobeto da entzun munduak esandako zortzi milla gezur.
Nola nahi dala ere egirik ez utzi naiz zigorrez laztandu zure gorputzari. Gure eginkizuna eman munduari egiak gihartzen dun indar berri hori.
ELIZA POBREA
Eliza pobrea, Eliza pobrea, danontzat hobea.
Moztu kardenalen arropak, moztu torre luze zorrotzak, moztu obispo kotxe luzeak.
Kendu urre eta pitxiak, kendu kristau diferentziak, kendu ministru diru-zaleak.
Nun da estalpean jaioa? Nun da Gurutzera ihoa? Nun da Nazaret-go langilea?
Ager aski da Jaungoikoa, ager berarekin nahikoa, ager Eliza arpegi jatorra.
EGIK KARRAXI!
Bideetako harriak, egin karraxi! Herri barruko zuhaitz zikinduak, kaioletako txori marrantatuak, señoriten zakur perfumatuak, ibaietako ur apartsuak. Egin karraxi! Egin, bai, karraxi!
Libertaderik gabeko gizonak, nagusiak esplotatutakoak, diru-truke saldutako fulanak, zer-esanaren bildur zeratenak, jaio baino lehen enterratuak. Egin karraxi! Egin, bai, karraxi!
Iñoren menpe zaudeten arrazak, fusilen bildur zeraten herriak, hautatzerik ez duzuten nazioak, propagandak burua antzututakoak, goseak hiltzen zaudeten guztiak. Egin karraxi! Egin, bai, karraxi!
Uhin berri (1964-1969) |