Uhin berri (1964-1969)
Juan San Martin

GAK, 1969

 

 

jose angel irigaray

 

      Iruñen sortu zen 1942-ko urriaren 9-an. “Larreko”-ren biloba eta Aingeru euskaltzainaren semea. Bere ikastaroak Nafarroako huri nagusian egin zituen eta medikua da. Zeruko Argia-n kolaboratu du, eta “Ez dok amairu”-ko kantari taldearen zuzendarietariko bat da. Poesia liburu bat du argitara gabea.

 

 

LANA

 

Gizonak

lan egiten du

andreak

lan egiten du

gehienek

lan egiten dute

lan egin

norendako?

 

Egun lana

batzuek guri emana,

lurrarekin jasotzen dana

batzuen aberastasuna

guk ezin balia.

 

Gauden lantegian

gu eta besteak,

egiten dugu lana

egunero eta urtero

lehen, orai eta gero.

 

Egun lana

bizitza,

digute erosia,

nekea, izerdia eta lotsa

lotsa eta lotsa,

bainan hauk guztiak

dagotzi estaliak.

 

Ausartuko ez ote gara

lana gureganatzen?

bainan horren jabea izateko

hortarat heltzeko jakin dezagun

zer egin behar dugun.

 

 

NAFARROA

 

Nafarroa

nere sort-herria,

beregan du Euskal Herriak

betidaniko erroa.

 

Gizon ereduek dute altxatu

zure izena,

gizon ereduek ba zekiten

beti nafarrak izaten,

eta herria

beti

Nafarroa egiten.

 

Nafarroa

hain zuhur

eta hain eroa.

 

Zure argia

zure baitaren baitan dago

erroaren erroan datza,

zure nortasunaren

berezitasun handienean.

Nafarroa

beti arroa.

 

Jakin behar ordea

zerengatiko arrokeria.

Ohargabean,

zure burua duzu

bidagurutze latzean.

Ekialde eta mendebaldeko haizeak

firri-farra

nafarra,

zure ondotik dabiltza,

lili gozoaren ondotik

erleak dabiltzan bezala.

 

Atera-bidearen nabaitzeko,

aski dukezu

zure barnearen behatzea

agramontesa.

 

Kantore zaharraren hitzak

aditzen dituzuia?:

“Nafartarren arraza

hila ala lo datza”?

 

Nafarroa,

zure gainean nagoelarik,

naiz pixka bat gehiago

osatzen

eta nortzen.

 

Nafarroa,

egin zutena

eginten duguna

eta eginen,

Euskal Herriaren erro zaharra,

oraiko arnas berria,

ez da hilen.

 

 

HERRI BEHERA

 

Herri behera

herri behera

daukazu

bihotz minbera.

Gailurrik ezak

zabalerak;

zabaleretan

ifar aldeko mendi zuhaitsuenetan bezala

begien trixturak

du aurkitzen atsedena.

 

Zure orru ozena

jota

errotik sorturikako

ahuena

leialki eta indartsuki ezazu

bota

eta nekazarien mezu sakona

konta.

 

Herri behera

herri behera

daukazu

bihotz minbera.

 

 

Uhin berri (1964-1969)
Juan San Martin

GAK, 1969