Uhin berri (1964-1969)
Juan San Martin

GAK, 1969

 

 

ramon saizarbitoria

 

      Donostian jaioa, 1944-ko apirilaren 21-ean. Gasteizko Maristetan egin zuen batxilleratoa eta Ekonomikak estudiatzen ari da. Asko idatzi du Zeruko Argia-n. Egunero hasten delako izendun nobela bat du laster argitaratzeko, eta Poesia banatua izenezko poemak Euskal Elerti 69 liburuan argitaratuak dira, Bilbao-Donostia, 1969.

 

 

REQUIEM

 

“Requiem eterna dona eis Domine”.

Bakea, bai. Emaiezu Bake Santua, Jauna,

gorputz hilengandik libre hurruntzen diren arima guztiei.

Bakea Zeruan ala Infernuan...

Jan dezaten musuka gorputz hotza

haren arima maite dutenak,

horni dezaten lorez gorputz usteldua,

busti dezaten malkoz bere hilobia...

 

Betirako atsedena gorputzik gabe gelditu den

arimari. Espresiorik gabeko espirituari,

ezpainik gabeko laztana,

besorik gabeko indarra,

mingainik gabeko hitza.

 

Baina

nik gaur hildako arimen alde

nahi dut otoi egin. Jaungoiko Guztialtsu bati

munduan gorputz bizietan hilik dauden arima guztien berpiztea

eskatzen diot. Munduak hil dituan arima guztien

berpiztea.

 

Ez da inoiz beroien alde errezatu,

espiritu hilak,

ilusio deseginduak...

Bakea emaiezu eta

ez zazu permiti.

Ez zazula horlakorik gehiago permiti.

Ez dezala inork ere bere arima gehiago hil,

eta ezta munduari hiltzen utz ere.

 

Hainbeste heriotze ikusirik,

neroni ere erdi hilik nauzu

—ni diot eta dagoeneko

ez dakit ni naizen—.

Utz dezaion munduak bakoitzari

bokazioa jarraitzen. Arima duen bakoitzari

bakoitza izaten.

Eman, baita ere, bakea

—Bake Santua—

hoiengan zuten arimaren

heriotzea sufri ezin dutenei;

eman bakea, berpiztuko dituen

gerlarik ez bada.

 

Eta neri eman gerla;

niretzat gerlarik gogorrena;

arima gorputzean senti dezadan...

Senti dezadan beti

maitasunaren beroa

eta bakardadearen hotza.

Ez dedin hil hemen eta han

bizitzen sentitzen dudan arima hau,

udazkeneko arrats honetan

nire barnean, eta

gizon guztien artean

sentitzen dudan arima.

 

Eta noizbait hiltzea

erabakitzen baduzu,

noizbait tentaldia

bera baino fuerteagoa bada,

berarekin “ni” naizen baino

indartsuagoa bada,

hil bedi nire gorputza ere,

ordurako ez bait du sentidurik izanen.

 

 

EURIPEAN

 

                        (Galli-ri)

 

                        “Svizzera-1”

 

Euria une batean

hosto gainetan

gelditu

eta gero

lurrera erortzen zen...

Viet-nam-en

bonbardeamendu itsuek

jarraitzen zuten.

Paris-ko estudianteek

Sorbona hartu zuten

eta

hemen euriak

jarraitzen zuen

oraindik;

Renault-eko

langileek

fabrika hartu

zuten

eta

hemen oraindik

euria

hostoetan gelditu

eta lurreratzen zen.

 

Euriak

leihotiko kristalak

indarrez

astintzen...

Ni eserita

—tanta-tantaka—

euriarekin batera

hiltzen...

Euri-pean

jaso zuten preso

begiak erdi itxita

ikusi nuen joaten

—pauso-pausoka—

suiztar inkonformismoa

heltzen.

Euri-pean

—mila urte

inguruko tradizio

errebolusionarioa, eta abar,

eta abar—.

Euri-pean

—holako

tanta lodiak—

demokrazia

konfederazioa

kapitalismoa az-

katasuna eta abar

eta abar.

Eta

ni ere euri-pean.

 

 

Uhin berri (1964-1969)
Juan San Martin

GAK, 1969