Uhin berri (1964-1969)
Juan San Martin

GAK, 1969

 

 

jose azurmendi

 

      Gipuzkoako Zegaman jaioa, 1941-eko martxoaren 19-an. Aita Prantziskotarra. Gaur Alemanian da Filosofia eta Psikologia estudiatzen. Garai batean Jakin-en zuzendari izana. Euskal aldizkarietan maiz kolaboratzen du baina Olerti-n argitara ditu poemarik gehienak. Hala ere, asko ditu argitaratzeko, zeren oraindik argirik ikusi ez duten bi poesi libururen egilea bait da.

 

PROMETEO MIXERABLEA

      (heroiko ez zana)

 

Gizona mixerable da

gizon izaten hasteko

eskubideen deklarazio bat behar badu.

 

Gizona ben benetan mixerable da,

Jainkoaren errebelazinoak

egia izateko Eliza bat behar badu

zaintzaile.

 

Zer haiz ba! Ez zekiagu

begiz begi batak bestea

begiratzen-eta.

 

Naturalezaren hiltzen doan

kreatura,

gizona.

Hi —esaten diat.

Ze ni ez nauk konzeptu bat,

ez nauk gizon.

Ez zidakean definizio batek

esistentzia eman.

Neu bakarrik nauk,

sahets guztietatik ebakirik.

 

 

GIZONA: 1968

      (Prometeo trixtea)

 

Pauso batera daukak

hire azkeneko judizioa.

Han duk negarra ta nekea,

han duk egarri handia

ta ura eskuen puntan

ta ezin ahoratu.

Juzgaturik hago, gizona.

Jaio hintzalako, heurekoia haizelako,

munduko ohiturengatik bildurtu haizelako,

amodioagatik birjina bat bezela.

 

Heure balore guztia batu ta gero

heure deretxoa deklaratu dukelako,

(gizon bat zan Kafka)

juzgaturik hago eta kondenaturik.

 

 

GIZONA: ESISTENTZIA 68

      (Prometeo burdinetan)

 

Ezin sartu zaidak seriotan buruan

norbait haizela.

Libururen batean ikasi haut.

Ezin dut ez dit nahi

jendeongandik defenditu.

Abotsak entzun nahi dizkiat.

Infernuetan. Zeruetan

behera.

 

Hik nahiago duk gezur txuria

egia trixtea baino.

Nahiago duk egia baino konforta.

Nahiago duk galderaren ajedreza baino

obedientziaren jakematea.

 

Hi ez haiz nire gizona,

bakarrik gaudelarik

hitzegiten diodana.

Kalean bahoakit ere,

mintzatzen ez banatzaik ere.

Ez zekiat, agian

nireak ez dik gabardinarik jazten,

ez zekiat ondo zergaitik,

bainan hi ez haiz nire gizona.

 

Agian neure kulpa duk,

agian ez baizeukak nireak

esistentzia 68-rik.

Agian ez zeukak haragi konkretorik.

Agian gizon bati mintzatzen zaiok

gizon hau.

 

Edo ta agian (ez zekiat haragi hau

esistentzia naufragaturen batean

ez ote zan galdu)

esperantza bati bakarrik.

 

 

Uhin berri (1964-1969)
Juan San Martin

GAK, 1969