Uhin berri (1964-1969)
Juan San Martin

GAK, 1969

 

 

mikel lasa

 

      Donostian jaio zan 1938-ko irailaren lehen egunean, baina Getarian igaro zuen bere gaztaroa. Zientzia Ekonomikak estudiatu zituen eta orain Friburgon bizi da. Zeruko Argia-n kolaboratu izan du hizlauz eta Egan eta Olerti-n bertsoz. Poetarik hoberenetako bat bada ere, bere lanak urri dira.

 

 

ZORIONA, ZORITTOA

 

Kantatu nahi dut kanta bat

axola gabe,

inorentzat,

haizearentzat behar bada

behar bada itxasoari.

Edozein blue

azkenengo modako airea,

oxkira honek ene gorputzean iraun artio

eguzki eskax hau izkuta artio

(Dios, zer da zoriona, zorionttoa, atsegina?).

Minutu batean ardurarik gabe egotea minutu hontan

inxtantearen laburrunean.

Edozein gauza zoriona da

zorionttoa

besterik ezean.

Edozein une ona da bizitzea.

Edozein kanta axolik gabe kantatzea:

                        koblatzen dutalarik

aire banal bat

                        zaude lo'k’harturik

                        gauazk’ametsa bezela

                        ene kantua zautzula.

 

 

TXOBABIOA

 

                       Oh juventud terrible, oh terrible juventud!

                       corazón vacío!

 

Ez da ezer; ez da egia.

Kontra nagona naiz

kontraren kontra

ta iñor ez da nere alde.

 

Gauerdian nago

erromantikuen ugartean

izatearen mugan

mugaren mugan.

 

Erromantikuen ugartean

eta Sade-ko markesaren gazteluan.

 

Gauerdian nago

ta hilak ditut lagunak

Aragón gaztea, Tzara

Leautréamont, Lelian gizarajoa

Kafka

eta Baudelaire begirada tristea.

 

Gauerdian nago

ta itzalak ditut lagunak

bakarrik ez naizen

sekula sekulakotz.

 

 

ESPERPENTO

 

Ihauteri da

ta ihauteri gauean

kale ixiletan barna goazela

ipar-aldeko hiri haundi honetan galdurik

burdelak ikusten

larehun pesetakoak ta hirurehunekoak

gure boltza urriarentzat naikoa ehunekoak.

Denak dira emakumeak

ta gorputz uxatuen xarma ustela billatzen dugu.

 

Mauka ta mauka ar-emeak

izorkeria egiten eliz-zaharreko paret-bazterrean.

Berdina da bakardade honetan

arpegi ederrak hala itxusiak

emakume denen arpegietan

halako animalikeria somatzen dut

zoramena, arpegi-idorra, mirada fijoa.

 

Ihauteria da, ihauteri gaba

ta iñork ez daki bakoitzaren bakardadearen berri.

Argi bakoitza itzalean hiltzen da

agoni ixilean,

nola Kristo profanatu hori, bilutsik

bide bazterrean, hain desanparatuki etsia

agonian, infernuetara jetxia

hirugarren egunik gabeko Kristoa,

sinisten dut.

 

Ta argiak millaka izanik ez dute argi egiten.

Tarteka gaua da jabe.

 

Ihauteri gabeko hirurak eta bost inguruan.

Hala gu, hala gure bakardadean

 

 

Uhin berri (1964-1969)
Juan San Martin

GAK, 1969