|
Uhin berri (1964-1969)
gabriel aresti
Bilbaon jaioa, 1933-ko urriaren 14-an. Komertzio karreraduna. Poeta eta teatrugilea. Beste zenbait lanen artean, bost teatruren egilea, eta bere poema liburuak dira: Maldan behera, Bilbao, 1960; Harri eta Herri, Zarautz, 1964; Mailu batekin (zatiak), Donostia, 1964; eta Euskal Harria, Bilbao, 1967. Eraman dituen poema sariak: “Loramendi”, 1959; “Orixe”, 1963; “Lizardi”, 1966. Harri eta Herri-kin sortu zuen bere era berezidun poesia soziala, nortasuna emango ziona, eta 1968-an “Iparragirre” izeneko saria jaso zuen lan honegaitik. Gazteen artean bere jarraitzaileak ditu. Zenbait poema “Ez dok amairu”-koak kantatzen dituzte.
L):
Munduan gauza bat bakarra dago erosten eztena: Dirua.
S):
Irrintzi gorri batekin estaldu nituen egunaren eta gauaren ate meharrak. Sega zorrotz batekin ebaki nituen debekazaleen aginak. Gero hil nintzen.
V):
Esanen dute hau poesia eztela, baina nik esanen diet poesia mailu bat dela.
W):
Egia bat esateagatik, alabak hil behar bazaizkit, andrea bortxatu behar badidate, etxea lurrarekin bardindu behar bazait; Egia bat esateagatik, ebaki behar badidate nik eskribitzen dudan eskua, nik kantatzen dudan mihina; Egia bat esateagatik, nire izena kenduko badute euskal literaturaren urrezko orrietatik, inoiz, inola, inun ez naiz isilduko.
X):
Egun batean eztu inork ezer erosiko; egun batean ezta merkatuetan sagarrik salduko. Egun batean guztiok izanen gara zoriontsuak.
C):
Siboneitik Kubanakanera goajiro honek egunero janen dut nire arroz-aranke pizka, egunero moldatuko dut nire trokela, egunero ikasiko dut nire aleman edo turko lezioa, egunero hartuko dut nire katixima. Egunero sentituko naiz prestua. Eta posible da noizean behin Ninarekin ohean sartzeko burges pekatua kometi dezadala...
K):
Nik ere badut nire egia, eta bankero jaunarenak bezainbat edo gehiago balio du.
N):
Egun batean munduak akabatuko dira. Bai. Badakit. Eta zeruko Jaunak Josafateko zelaian guztiok juzgatuko gaitu. Orduan, azkenak izanen dira lehenak, eta haren eskuman jarriko dira ezkerrekoak.
Uhin berri (1964-1969) |