Uhin berri (1964-1969)
Juan San Martin

GAK, 1969

 

 

daniel landart

 

      Baxe-Nabarreko Amikuze haraneko Dohostirin sortua, 1946-ko abenduaren 11-an. Tipografua da eta Baionan bizi da. Gazte, Herria eta Enbata-n agerrerazi ditu bere lanik gehienak; baitere Le Courrier Journal frantsez astekariaren euskerazko orrian. Hiru antzerki idatzi ditu eta beste bi, Garcia Lorca eta Brecht-enak euskerara itzuli. Bere poema liburua: ...Hogoi urte, Baiona, 1968.

 

 

MATTIN, ENE ADIXKIDEA

 

—Hola duk hiriko bizia,

Ainitz lan, eta irabazi “haundia”.

Haatik ostatuak usu, ganbera kario.

Karrikako emazteak, dena plazer, dena amodio...

Hola duk hemengo bizia,

Otoi ez nezakala gutizia.

Aste guziz baititugu, bi ortzirale

Zonbat egun ilun, zonbat ilabete trixte

Ez deat bertzerik erranen, anitz gauzaz bainaiz ahalge.

Ene etxekoak ikusten badituk, ez nitaz mintza.

Edo bertzenaz errakotek, biziki ontsa naizela.

Bainan Jainkoaz, ez erran bertzerik,

Ez baitut ait'amer, egin nahi minik!

Eskua tinkatu daut eta badoa...

Kopeta ilun eta nigarrez gogoa.

Gau beltzean bakarrik, itsu-mandoka, bakarrik.

 

Mattin, ene adixkidea ikusi dut barda

Geroztik, gogoa, ilun, ari naiz pentsaketa.

 

 

ARRATSEKO OTOITZA

 

Jauna, gaua da.

Jauna, hor zirea, ene gau huntan?

 

Emeki emeki, zure argia joan da,

Eta ordaintzat jin zako gaua.

Gau ilun, gau beltz, itsusia.

Ilargirik eta izarrik gabekoa.

 

Ohean nago, bulta huntan,

Akitua, etsitua, pentsaketan.

 

Zendako lokar, bihar berriz iratzartzeko?

Jeikitzeko eta egun bezalako

Egun luze baten pasatzeko?

 

Beti gauza bera, lan bera!

Jauna, aditzen nauzu?

 

Ene baitan, huts bat dut senditzen.

Nahi nuke joan, denen ahanzteko,

Nahi nuke joan, Jauna, bertze mundurat.

Behar dut joan,

Urrun, norat nahi,

Bainan joan, espekatu.

Zeri espekatu?

Zuri Jauna, laguner, nihauri, ez dakit,

Bainan joan.

 

Kurri nabila, gizon morkor bat bezala,

Usaia badutalakotz, kasu egin gabe.

Egun guziez egiten ditut jestu berak,

Bainan badakit debaldetan direla.

Kurritzen naiz, jakin gabe norat noan.

 

Ideia xuxenik ez dut gehiago,

Memorioa galtzen ari.

Hitzak espekatzen zauzkit

Eta ez dute deus erran nahi.

Ahapetik mintzo naiz edo batere ez.

Ments bat iduri dut.

 

Segitu zaitut, Jauna, bihotza alegera,

Nere sahetsean zinelakotz.

 

Bainan orai ohartzen naiz, gau beltzean,

Desertuaren erdian, batere uste gabean

Utzi nuzula bakarrik.

Eta joan zira.

 

Oihu egiten dautzut, arraposturik ez ukaiten,

Xekatzen eta deus ez hatxemaiten.

Denak utzi ditut eta orai bakarrik naiz gelditzen.

Zure hutsa, Jauna, ene sofrikarioa da.

 

Jauna, gaua da.

Hor zirea, ene gau huntan?

 

Maite nuzia?

Maite zituta?

Ahantzia ote nuzu, nik frangotan

Ahanzten zaitudalakotz, eta bazterrerat uzten?

 

Ala nitaz, aski baduzu?...

Jauna, eman otoi arrapostu.

 

Jauna, gaua da.

 

 

BIHAR

 

Bihar ; iguzkia, mendi gibeletik, agertuko...

Bihar ; itsasorat, arraintzariak, abiatuko...

Bihar ; ildoz ildo, laborariek, lurra landuko...

Bihar ; mendiz mendi, artzainak luzaz kurrituko..

 

Bihar ; ama gazteak, haurrari nigarrak xukatuko.

Bihar ; eskoletan, haurrek eskuara ikasiko...

Bihar ; gaztek, elgar hobeki maitatuko...

Bihar ; neskatxen ondotik naiz ibiliko...

 

Bihar ; langilek, gehiago irabaziko...

Bihar ; zaharrek, diru pittat, hunkituko...

 

Bihar ; Herri guziak libertatean biziko.

 

 

Uhin berri (1964-1969)
Juan San Martin

GAK, 1969