|
Uhin berri (1964-1969)
joseba intxausti
Gipuzkoako Seguran etorri zen mundura ,1936-ko uztailaren 20-an. Frantziskotar apaizgoa bukatuta Barcelona-n ari da Filosofia eta Letrak estudiatzen. Denbora batean, Arantzazun egoalarik, Jakin-en zuzendarietako bat izan zen. Euskal-aditza, 1960, eta Las siete lecciones del Euskal-aditza, 1965, liburuen egilea da. Hizlauz asko idatzi du baina ez hainbeste bertsoz. Hala ere, 1965-ean Santiago de Compostela-n euskal unibersitarioentzat egin zan poesi sariketan lehendabiziko atera zuen.
Bakarrik. Egunsentiak bakarrik argitu, argitu nau gela bakarrean. Argi ta gerizpetan bakardadea baitut ohantze.
I.— METROAN
“Metro”-rako ba ginen hogei, ehun, berrehun...; guziokin sartu naiz barnera, batera, bakarrik: ausaz ez ninduten bidelagun...
Berriz ere bakardadea zen, zijoen, nerekin presente.
Ba dire gizon eta andere, gazte-algara ta esku-emate. Ikusi naute ta ikusmiratu, ta, lehen bezela, bakardade! Bakardade-lurpe! Ez bainaiz gizarteko seme!
Begiratu dut: ez dut begirik idoro, igesi nigandik oro, ta nereak —gajoak!— guzienganaino, bilaka, zoro.
Inguruan, trinko, giza-sorbalda hesi, ta, harrigarri!, neretzat ez zuen nehork belarri, ez aurpegi. Ez bainintzen gizartean seme.
II.— TRANBIAN
Tranbiak, gure huritik, gizadiz, eder eta opare!, hantxe baikera, orpoz-orpo, elkarren burrukari ta burkide, bizitza hertsian, arerio ta adiskide. ...gaur, ordea, ba zuen aulkirik, ta, hain zuzen, ondoan bat hutsik.
Ez alferrik! Bainan gaur, hemen, atzo, bihar eta betiko aulkia beti hutsik. Eta ni, amai gabe, behingoz nere buruaren errotari.
Gizartean ez naute seme. Guziek zuten mintza-lagunik, ta zenbaitek maitalerik. ...orok begiratu didate, kupitu, ta isilpean mintza zaizkit: —”Gazte, gizarajo ta fraide!”
Ni, jaistean, bakarrik.
Uhin berri (1964-1969) |