|
Hegiko bordatik
Ene hiru haurreri. Beti maita dezaten euskara eta beti maita Hazparne...
AINTZIN-SOLASA
Hona hemen liburu berri bat, euskarak eman digun politenetarik, ene iduriko. Ez luke berez aurkezpen beharrik, berak salatzen baitu, haste hastetik, bere lehen kapituluan, nondik eta nola sortu den, hots, Hegiko bordatik, Lapurdiko mugan, Hazparneko lurretan, Urtsua mendiaren hegalean kokatzen omen den etxola xoragarriaren bazterrean, orain duela 60 bat urte hortik hurbil sortu zen haur bati gogoratu zaiolako bere haur denborako oroitzapen azau bat biltzea eta kondatzea bere plazerrarentzat eta —zergatik ez? aitortzen duen bezala— lekukotasun argigarri izan zedin beste batzuentzat. Bakarrik gertatu dena da, liburugileak, ofizioz kazetari izanik eta maiz auzitegietan ibilirik, entzun dukeela latinezko erran zaharra: “testis unus, testis nullus” erran nahi baita, “lekuko bakarra ezdeus lekuko”, eta beraz, bere lekukotasunaren berme, bigarren lekuko baten ondotik ibilki, lekukotasun hori niri eskatu didala. Eta nik atsegin handirekin eman. Ni ere Hazpandarra bainaiz alabaina, —nahiz ez Zelaitarra, Hazketarra baizik— eta nik ere ongi ezagutu baititut 1937tik 1950era Janbattit Dirazar-ek bizi izan dituen urte eta jende horiek oro, haren buraso eta etxekoak, aipu dituen Larzabal bikaria eta Zabalo anderea, Gastelu kalonjea eta Janbattitteneko nausia eta Pattoteiko etxekanderea, bai eta nola ez, gure mediku Hippolyte Mathieu, Mathieu apezpiku handiaren anaia ezin ahantzia. Bainan erran behar dut ere lehenik, Janbattit Iriberrikoa sortu zelarik, Pier Ehulateikoak 15 urte zituela, eta gero, Janbattit-ek 15 urte beterik eta Kooperatibako berinen garbitzea utzirik, berriketari ofizioari buruz abiatu zelarik, nik 30 bat urte banituela eta geroztik, ene ikasle ohiak eta nik haren irakasle ohiak, gure ustez ontsa elkar ezaguturik, bakoitxak gureak gogoan, bakoitxa gure bidetik, berrogei urte luzez, elkarretarik aski urrun ibiliak garela. Horra zergatik ene aspaldiko Janbattit adiskideak arras ustegabetarik kapitulu hauek etxera ekarri dizkidalarik, harramaska bezala irentsi ditudan eta burtxoraturik egon naizen, oroitzapen xaharrak eta atseginak, baita ere batzuetan ezuste kiretsak edo atsegabe saminak, iratzarri dizkidatelako. Aitortu ere behar dut hor aurkitu ditudan xehetasun batzuek argitu dizkidatela aspaldian ilunbetan ixilean neuzkan itzalune zenbait. Eta menturaz oraino argitaratu gabe eskutan dauzkadan Piarres Larzabal Hazparneko bikario zenaren oroitzapenak agertuko direlarik, irakurleak ikusiko du nola bat datozen apezaren eta beretterraren lekukotasunak eta zein ederki marrazten duten 1940-1950eko hamarkadan, eta aitzinekoetan, Hazparnen bizi zen bizimoldea. Guk ordea hamarkada horiek bizi izan ditugun adineko jendek atseginekin gogoratzen baditugu ere egiazko ofizialearen trebetasunarekin J.B.D. izenordeaz 40 urte honetan munduko gorabeherak euskaldun astekarian zehaztu dituen berriketariaren haurreko oroitzapenak, beharbada norbaitek galdetuko dit aspaldiko haur historia horiek badutenentz ote interesik guziz bestelako mendeak bizi dituzten gure haurrentzat. Galde horri geroak behar dio ihardetsi, baina ene iduripena da, “Ameriketako oroitzapenak” Buruxkak liburu famatuan Etxepare mirikuak hain ederki kondatu zituenak zioen bezala, egiaren itxurak ezberdinak eta aldakorrak badira ere, egiaren eta zuzentasunaren, urrikiaren eta urrikalmenduaren, maitasunaren eta aiherkundearen, honaindiaren eta haraindiaren arteko zedarriez eta harremanez arrenguratuko direla beti gizakumeak. Hegiko bordatik liburu honek hain zuzen gogoratu dizkit beste batzuen haur denborako oroitzapen liburuak, hala nola Jean Etxepare mirikuaren kapitulu batzuez bestalde, gutarik hurbilago Jean Etxepare Jatsukoaren Mendekoste gereziak eta Daniel Landarten Aihen ahula. Eta ene ustez ez dio beste bihi bati liburu honek zorrik. Are gutiago odol bereko diren beste batzuen hots Hazparne Joanesederraeneko eta Abittueneko Hiriart-Urruty Manex, Jean eta Andre euskal idazle nagusien idazki hoberenei. Ohar bat egin behar banu erran nezake, ez duela beharbada Janbattitek Manex edo Andre-ren bergario lasai edo irrintzin ozena, baina laukiaren neurriak zuzen harturik, Jean-ek bezala badakiela argi eta garbi sartzen zorrotz bere itzea. Funtsean irakur beza irakurleak! Ez zaio dolutuko eta beste adiskide batzuek bezala eskatuko dio egileari eman diezagula oraino beretik, beste guzien berri hain ongi eta hain luzaz euskaldunei eman ondoan, zuzen baita azkenean bere berri ere eman diezagun apur bat bere ikuspegi propiotik. Baionan 1995eko aboztuaren 12an Piarres Xarritton Ehulatei
Hegiko bordatik |