|
Hegiko bordatik
BERINAK ERE GARBITU BEHAR
Handik zonbait denboraren buruan, amak erran zaitan xarmanteko lana atxemana zuela enetzat —nondik eta norat, ez dut egundaino jakin— eta segurraz ere arrunt gostukoa ukanen nuela. Zer lan bada? Hazparneko plazan baitzen zapeta-lantegiek beren langilentzat muntatu saltegi bat, hango enpleatu... Kooperatiba deitzen zuten etxe hori bainan berdin erraiten zen “kope”-rat joaitea, izena moztuz edo bederen laburtuz... Hor abiatu nintzan beraz eta arras gogotik, amak aski errana biziki lan asurtia zela ni bezalako mutiko batentzat. Goizetan, jenden zerbitzatzen, arratsaldetan, bulegoko lanetan. Tokia gustatu zitzaitan berehala, ene laneko lagunak ere ba, bereziki nagusi konduko gizona, gauza guziak xeheki esplikatuz mintzo zaitana. Bainan lana bera ez baitzen haatik amak uste zuen hura! Bulegoko lan guti, arras guti. Arratsaldetan, oren baten heina tirahala. Erosle asko baitziren saltegiaren ageri bat hartua zutenak, nolazpait partzuer bezala ekarriak beraz, erosten zituzten puska guzien gainean urtearen buruan hunenbestekoņo bat hartze zuten gibelerat. Ehunarentzat hiru, edo lau, edo gehixago, urtea nolakoa izana zen. Erosle horietarik andana batentzat nik nuen kondua atxikitzen. Hori zen ene bulegoko lana eta ez besterik. Goizetan, aise jende gehiago baitzen, zerbitzatzen artzen nintzan, erran bezala. Bainan ene lan handiena izaiten zen, nahiz hor sartu aintzin ez zaitaten holakorik salatua, saltegiaren garbi atxikitzea. Jatsaren pasatzea egunean bizpahiru aldiz, beharrez gehiago ere, errautsen untsa kentzea eta berinen garbitzea, azken hau biziki partida nuen lana... Plazan berean jaten nuen, ostatu ttipi batean. Bazkal ondoan eliza aintzinerat banindoan, denbora hartan zernahi jende han izaiten baitzen, zapetain langiletarik. Lagun berri zonbait ere hola egin nintuen. Biak laurden gutitan, zirena joiten zen. Orduan, plaza hartako jendeak, denak betan, zamari-uli edo leizafin zonbaitek ausiki balitu bezala, burrustan bazoatzin, eskualde guzietarat, bakoitxa bere lantegirat, batzu kasik lasterka edo bederen urratsa luzatuz, su hiltzerat ari iduri! Kasik bakarrik gelditzen nintzen eliza sahetsean, saltegia berantxago idekitzen baitzen, biak eta erditan... Otsailaren lehena... Bi asteren buruko hamabost urte bete behar... Ortziralea zen, ez dut ahantzia eta ez ahantziko ere! Denbora muttin bat... Goizeko zortziak iria, oraino untsa argitzekoa... Usaian bezala, ene bizikleta zaharraren puntan banindoan lanerat. Hazparneko eliza aintzinerat ez nintzen arras heldua... Horra non hil-harri zaharretako arrain-saltzaleak aurdikitzen nuen bere kamiun ttipittoarekin! Arrain saltzale hori, ortzirale goiz guziz heldu zen Donibane Lohizunetik (edo Ziburutik) eta eliza sahetsean plantatzen. Bere usaiako tokirat buruz bihurtzean, batere funtsik gabe, ixkuli nintuen... Eta ni han gelditu, lurrean, arrunt durduzatua, ezagutza kasik galdua... Ene baitaratu nintzelarik, arrain-saltzalea mokoka ari zen lekuko batzuekin. Ene falta nuela, oldarrean joana nintzala kamiunttoaren azpirat, arrastarik eman gabe, harek eskuin aldeko argittoa piztua zuela erakusteko norat ari zen... Lekukoek ezetz, hura zela ezker aldetik heldu eta beraz hutsean. —”Bera xutituko da”, erran zuen norbaitek. Eta xutitu nintzan... Ez nuenetz nihon kolperik, denak arrangura. Nik ezetz, ez nuela deusik. — “Xuri xuria hiz haatik, hobe huke medikurat joanik” — “Ikusiko dut, ixtante nola izanen nizan...”. Bizikletak zuen aintzineko errota makurtua bainan gizon batek han berean erran zaitan hura laster xuxendua izanen zela... Oinez abiatu nintzan lanerat, kasik beranta nuela. — “Ez hiz hila eta zonbait urteren buruan ezkontza bat ederra egiten ahalko duk”, erran zaitan Hazketar gizon batek. Ni sesitua, zendako atera zuen solas hori. Ohartu zen dudarik gabe harritua nindagola: — “Hori erraiten deiat hik oxtian, kamiunttoaren azpitik, halako nahasi batean, ateratu dukanaren gatik”. Galdatu nion zer solas ibilia nuen, ez nintzala deusetaz orroit: — “Ez dakika zer jalgia dukan? Lehenik galdatu duk hila hintzenetz eta gero ezkontzen ahalko hintzanez...” Lanerat joan eta, kondatu nuen bixtan da zer gertatua zitzaitan. —“Den gutieneko arrangurarik balinbaduk, habil medikurat”. Nihon ez nuela minik, hortan gelditu zen afera guzia. Arratsaldean, ortzirale guziz bezala, larunbatetan jende gehiago etortzen eta, ezarri nintuzten garbitasuna errotik egin behar zela. Berinak bereziki behar zirela untsa garbitu... Lanetik ateratu nintzanean, auzoko gizon bat hurbildu zitzai- tan: —“Jendek zernahi erraiten die bestenaz! Eguerditan entzun diat ixtripu bat ukana huela bainan bazakiat ez dela egia, oxtian ikusi baihut tirahala berinen garbitzen ari”. Ihardetsi nion ez zela arras gezurra ere, errekontruņo bat ukana nuela bainan ez gauza handirik... Eta gizonak beretik: —“Hi, sobera xintxoa hiz! Holakoetan, ez kolpatua izanik ere, nor nahik egun bat hartzen ahal dik. Buruko min poxi baten estakuruan edo hola. Lanean bezen untsa izanen hintzan hire etxen eta berinak beste norbaitek garbituko zitian...”
Hegiko bordatik |