|
Hegiko bordatik
BIZI NAHI
Ez omen zen hain negu bortitza... Hotzak eta hormak egiten dute neguaren beltza. Bai eta elurrak, nahiz hau, berenaz, xuri-xuria izaiten den. Otsail hartan —1937koan— ez zen deus holakorik. Bainan alde bat euria, ardura halako haize bipil xikin batekin... Hazparnen, Zelaiko kaskoan, emazteņo bat haur behar loditua, eta aintzinetik gogoetatua, bere umearen xatarrak non eta nola idor-arazten ahalko zituen. Emazteņo hori, ene ama, Dominika Iriberrikoa... Ondo hartako jende gehienek Jominika deitzen zutena, lehenbiziko letra pollikiņo goxatuz... Ordukotz, bazituen 44 urte. Berant esposatua zen. Bere lehen haurra zuen igurikatzen eta karkulatzen zukeen lehen hori azkena ere izanen zela, mirakuiluz kanpo... Haur bakarra beraz... Aitak, izena Jan-Piarre, eta 51 urte bizkarrean... Atsulutuki nahi omen zuen seme bat. Amak ere mutikoa nahiago, nahiz erraiten zuen Jainkoak emana hartuko zuela... Batek ala besteak berantetsia ninduten eta ez guti. Medikuak errana alabainan otsailaren lOeko edo hola arribatuko nintzala... Handik aste bat berantago lotu zaizkion amari haur ukaiteko minak. Bainan haurra nekez heldu. Han ziren, amaren inguruan, bere ahizpa Katixa, hurbilean bizi zena, auzoko emazte bat, Janamari, amaņo gisa etorria, eta Hyppolite Mathieu jaun medikua, jakinaren gainean —berak hala errana— amak ez zuela haurra aise ukanen mediku baten laguntzarik gabe. Aita ere ondo hartan ibilki, bainan ganbararat ez biziki sartzen... Azkenean, eta gaixo amak ederrak pairaturik, tresnaz jalgi ninduen Mathieu medikuak. Amaren loria, muttiko bat bazuela! Ba, muttiko bat bazuen, bainan zer plantan! gorputz guzia gorri beltztua bezala, hatsa doi-doia hartzen eta nehorat deus mugimendurik ez... Gaixo haurra han zagon, bizi eta ez bizi... Orduan, medikuak hartu nintuen bere besoetan, airerat bota, berriz besoetarat bildu, egundainokotan bota, eta hola egin zuen bostpasei aldiz...! Bat-batean, halako nigar penatu bat egin omen nuen... “Biziko da, biziko da!” erran zuen medikuak. Geroxago zuen salatu kasik hila ateratua nintzala amaren sabeletik eta doi-doietarik salbatua nintuela... Laster pixkortu nintzan, pixkortzen hasi bederen... Biharamunean, amari bisitaz etorri zitzaion auzoko emazte bat, aspaldian adixkidea zuena. Ama Jominikak eta ttanta Katixak emazte horri Gantxior erraiten zioten, batere maleziarik gabe haatik, gantxiorrak itsuski maite baitzituen eta bere botutik urde osoa sartuko baitzuen gantxiorretan! Dena dela, ene amak estimu handitan zaukan emazte hori, nahiz kanpotik jina zen, sortzez Biarnesa izanki. Adituaren bortxaz, euskara konprenitzen zuen bainan ez mintzo. Amak zion ainitz gauza bazazkiela haatik eta hiri handian ere egona zela (Oloron-en iragana zuen gazte denbora eta ene amarentzat Olorone hori Parise bezen handia izan behar zen). Ama begia xuritua zagon beraz Gantxior andereak zer erranen ote zion bere haurraz, emazte horren ateraldiak Ebanjeliokoak bezala baitzauzkan. Gantxiorrek hartu nintuen besoetan eta eni beha egonik hauxe ateratu: “biziki begi erneak ditu haur hunek; bizi nahi du... bai, zinez, bizi nahi du”. Solas horiek sokorri handikoak izan ziren amarentzat... Ni otsailaren 17-an sortua, azteazkenarekin, ondoko igandean bataiatua izan nintzen Hazparneko elizan... Bainan keinka hartan zertaz mintzo ziren bada bazterrak? Ez biziki ene sortzeaz, salbu Zelain berean, ez eta igande berean bataiatuak izan ziren beste bi Zelaitar ttipien mundurat jiteaz... Otsail ondar hartako “Eskualduna” astekariari behako bat emana diot berrikitan. Toki gehiena hartzen zuen saila, Baionako jaun apezpikuaren garizumako letra edo mezua... Izigarri luzea! Eta luzea bezen tetelea! Gauza baten erraiteko, zonbat itzuli-mitzuli...! Berri nagusietan, erasialdi bat ederra Leon Blum minixtroarentzat. Arras maltzurki hasten zena holaxe: “Goizegi erran dugu azken aldietarik batez iduri zuela Blum-ek poxi bat zentzatzen hasia...” Bestalde, aipu zen Espainiako gerla. Xuriek “xixka” gaitzak eginak omen, Malaga berriz beretua. Eta Hazparnen, zertaz mintzo zen herriko berriketaria, ordukotz P. D. zena, pentsatzen dut beraz Piarres Duhour...? Dei bat egiten zion jendeari, galdatuz “TSF delako aditzeko tresna etxean zutenek igor zezaten letra (gutun) bat gure erlisionearen etsaiek ez zitzaten nahi zituzten zikinkeria guziak adi-araz tresna horren bidez”. Aipu zuen ere, eta nola, Berria trinketeko bilkura bat. Hor kausitu baitziren De la Roque deitu kolonela eta Ybarnegaray “euskaldun deputatu maitatua”. Eta hazpandar berriketariaren azken solasa hau zen: “Bai, Parti social franįais batasunak nahi du salbatu Frantzia eta eginen du Jainko maitearen laguntzarekin”. Eta ene sortzea beraz, ez zena gertakari aipagarria?
1938an, muttiko ttipi koxkor bat,
Hegiko bordatik |