|
Hegiko bordatik
ETXE KANKAILA ZAHAR BAT
Ene sort-etxea, Zelai Iriberria! Berria izenez, bainan untsa xaharra izanez... Etxe kankaila zabal bat, Urtsu mendiaren zolan, Zelaiko plazatik hiru ehun bat metretan... Ez zen gurea, bainan Munho-koena. Munhoko etxekanderea, pilotari ezagutu baten alarguntsa, guretzat ere etxekandere! Ttipi-ttipitik ikasi nuen beraz “Madame” behar zitzaiola erran, errespeturekin eta ezpainak luzatuz. Iriberria-rentzat, ez ginuen naski arranda handia pagatzen. Nondik izanen zen handia, etxea bera arras joana izanki eta! Atea zabala zuen etxeak. Bi aldetarik, murruan landatuak, bi krako, bedera erreztunekin, hor estekatzeko behor eta mandoak. Bainan guk ez gintuen baliatzen, asto txar batik ere ez baiginuen.... Atetik segidan, bazen ezkaratza, atea zerratuz geroz arras iluna, beste idekidurarik ez baitzuen kanpoko alderat... Bizpahiru eskaler mail konkor iganez geroz, sukaldea, subazter propi batekin... Subazter hortan, ene tentagailu, su-burdinen parrean, murruari lotua, krako bat dena kedarrez estalia. Denboran, hor ezartzen omen ziren arraxina xiriak, beste argirik ez zelarik. Guk ez ginuen deusetako krako tzar hori, etxekandereak, bere onezia handienean, elektrika sar-arazia baitzuen zonbait urte lehenago. Nik haatik krako hori jostagailu bat bezala naukan, esku bat noiz nahi krako hortarik sartu nahi: “Utzak hori, erraiten zaitan amak, zikintzen ari hiz eta ixtante surat behar duk erori!” Sukaldetik han berean, bazen pegarteia. Pegarrak uzteko tokia. Eta baxeren egitekoa... Ur-keta, Zelaiko plazan ibiltzen ginen, egunean bi aldiz. Ama ginuen ur-ketaria. Haatik, tarrotu nintzanean, lan hori ene kondu utzi zuen. Bainan pegarrik ez nuen ibiltzen, hautsiko nuela... Amak burdin xurizko pitxer batzu erosi zaizkidan... Sukaldeko beste puntatik, johan ginen ganberetarat. Baziren hiru ganbera, batto frango karana, sua ere han berean egiten ahal, bainan beste biak itsuak, leihorik gabeak! Itsu horietarik bat amak puska tzarrentzat baliatzen zuen. Aitak zion barne hartan denak bazirela, salbu otsoaren burua... Ezkaratzetik eskuin alderat joanez, bazen beste sukalde bat bainan hura ez zen gurea. Handik harat izanki ene aitamek deitzen zutena gure etxearen “beste partea”. Haurrean, hiru familia ezagutu ditut heiek gu bezala Iriberrikoak, bainan “beste partekoak”. Lehenik, emazte xaharņo bat, ardura bakarrik zagona, ilobaņo bat, hura ere ordukotz xahar airea, artetan heldu; gero, jaun-andere batzu, gizona zango motza eta osagarriak ez laguntzen, laster joan zirenak Baionarat, han bazela Hazparnen baino mediku gehiago; gero berriz, faktur gazte bat, bere andrearekin etorri zena, ordukotz bederatzi edo hamar urte banintuelarik. Ezkaratzetik landa, baziren ere beste barne batzu zointarat ez bainintzen haizu amak kasu eginez baizik: egurteia, barne ilun ilun bat, dena abar... eta garratoin; gaziteia, oraino ilunagoa zena, hor atxikitzen gintuen xingarrak, gatza untsa hartu arte; zoko zoko batean “gibeleko barnea”, oren osoak aitak han iragaiten zituen “txitxu” egiten, berak hala erraiten zuen, pazeta xorroxten, taula batzuen zernahitako juntatzen edo berdin landako jela baten moldatzen... Landako jela bai, ezen Iriberriak bazuen kanpo poxi.bat. Bi baratze, bi pentze eta landa mutur bat, ez zen arras laborari etxe bat bainan barrokian bagintuen bi behi, xerriteian hazten gintuen urtean bi urde —bat etxeko, bestea saltzeko— eta oilateian bazen hainbeste oilo eta oilaxko, nihaurek ttipi hartan segurik ez bainintuen kondatzen ahal... Lapin zonbait ere ba bestalde... Artetan, denen gainerat, ahate batzu, etxe sahetseko putzuan loriatzen zirenak. Ene gisa funtsean, nik ere putzu hori arras nerea bainuen, aratxe-buru atxemaiten artzeko, amaren ixilka...
Hegiko bordatik |