Hegiko bordatik
Janbattit Dirassar

Elkar, 1995

 

 

BERRIKETARI

 

      Leon-ek hameka aldiz errana: — “Hik ez duk laborantzako jiterik. Gisa batez, domaia duk, Jauregia etxalde pollita baita, bainan, hi, ez hiz hortakoa... Goiz edo berant, beste zerbaiti beharko duk lotu... Buru-lan zerbaiti mirakuiluz! Bainan familiaren kasua ikusiz, konprenitzen diat hi etxen hola egoitea, ama, izaba eta osaba, hiruak xahartzen ari eta...”

      Banakien Leon-ek arrazoina zuela eta enea gogoan nindagon... Bihotza pisu haatik eta burua ere ba. Ez nuen ikusten non zoin izan zitakeen enetzat atera-bide sanoa... Gehiago eskolatu nahi, bainan amaren ganik urrundu gabe, aita galduz geroz ez zuela onik ez banindagon haren ondoan...!

      Igande arratsaldetan, nahiz ez nizan batere segur urte baten dolua arras bururatua zitakeen, zinemarat abiatu nintzan, plazatar lagun batzuekin. Behin, dena gogoeta ilun, han nindagon ez dakit zoin filmari beha, odola bururat ari bezala senditu nuen... Brau xutitu nintzan eta nihaurek konprenitu gabe ere zendako egiten nuen hori, ene lagunak han utzirik, joan nintzan Hazparneko bikarioen etxerat, han berean baitzauden, Haritz-Barne zinemategiaren ondoan... Eta erran nioten galdua bezala ibilki nintzala, ez nakiela zer egin, etxen egon edo etxetik joan, ez nuela laborantzako gosturik, kanpo-lan frangotako ez batere trebe gainerat, bainan ez ere ama gaixoaren ganik urruntzeko gutizia mikorik...

      Hazparneko bikarioek zer pentsatu ote zuten nitaz? Erran zaitaten irri eztiño batekin ene kasua untsa konprenitzen zutela, lagunduko nindutela atera-bide manerako zerbaiti buruz eta Jainko maiteak ere lagunduko nintuela. Nahi nuelarik aski nuela joaitea heien ganat, beti ongi etorri lasaia eginen zaitatela...

      Handik zonbait denboraren buruan, galdatu zaitaten zer ikusten nuen enetzat lan mota egokiena: — “Ez dakit, erran nioten, bainan idaztea biziki laket zait eta berriketari izaiten ahal banintz, loriatua nindazke!”

      Beste zonbait asteren buruko, Hazparneko bikario horiekin egonik hain segur, ene kusi apezak dei egin zaitan ez nuenetz pilotaren saila atxiki nahi “Herria” astekarian. Nolazpait, aski kopeta ukan nuen baietz ihardesteko! Eta hola hasi nintzan “Herria” astekarian lerro zonbaiten idazten, Arraya izen-ordea harturik, Hazpandar batentzat ez baita izen-orde itsusia, luzeko jokoa herri hotan ainitzek hoin maite eta... Hamasei urte nintuen... Hainbestenarekin, bikarioek berek galdatu zaitaten ez nuenetz nahi “Basque-Eclair” egunkariarentzat Hazparneko berriketari. Nik hor ere baia eman, zazi zu zendako... Gainerat ondoko urtean, Hazparnen muntatzen ziren bestaño batzu “Sud-Ouest” kasetan nehork ez zituela aipatzen, Ihauteriako behi-laster, Jondonane eta holako, galdatua izan zaitan egunkari hortan ere artetan idaztea. Mattin izenordea hartu nuen karia hortarat. Orroituz, etxeko paper batzuetan ikusia, amak ukana zuela bera baino gazteagoko anaia bat, 15 egunetan hila, gaixo aingerua, izena Mattin... Oraino ere, Hazpandar bakar batzu badira Mattin deitzen nutenak... Horiek hola, nik idazten gostu hartu eta ez guti! Karkulatuz noizbait ene bizia irabazten ahal banuen idazlanetarik, ez zela batere gaizki izanen...

      Denborarekin, beste noizbait behar bada kondatuko ditudan itzuli askoren ondotik, hori hola gertatu da. Soldadogotik landa, ofizioko berriketari kondu hartu ninduten alabainan “Basque-Éclair” egunkarian... Bide hori segiturik ez dut segurki urrikirik... Ene jitearen arabekoa baitaukat...!

 

 

Hegiko bordatik
Janbattit Dirassar

Elkar, 1995