Hegiko bordatik
Janbattit Dirassar

Elkar, 1995

 

 

MERKATUA ZEN EGUN BATEZ

 

      Hameka urte bete nintuelarik, ama hasi zitzaitan dena pereka eta lausengu, Zelaiko eskolan ikasten ahal zirenak oro ja ikasiak nintuela eta ondoko urrian joan beharko nuela beraz Hazparneko San Josepe ikastegirat, “Freretarat”, Zelaitar askok erraiten zuten bezala... Gainerat, bide luzea zela ene zango ttipientzat, neguan goizik iluna, noiz nahi euria eta haize hotza, han berean lo egin beharko nuela, bainan igandetan, meza nagusitik landa, etxerat jiten ahalko nintzala... Eta amak aste guziz prestatuko zuela enetzat gaitzeko bixkotxa ona...

      Handik ixtanteko, izaba Katixa-k ere kantu bera, gizon gaitza jalgiko nintzala ikastegi hortan ibiliz geroz! Jauregiko osabek katixima berbera, oraino erranez hek, beren haur denboran, ez zutela holako xantzarik ukan...!

      Hots, aski aintzinetik plantatu ziren ene balakatzerat, untsa har nezan plazako ikastegi hortarat hola joaite hori...

      Pazko ondoxean, merkatu arratsalde batez, amarekin joan nintzan beraz Hazparneko “kolejiorat”, horko buruzagia, Gastellou jaun kalonjea, behar ginuela mintzatu, bakantza handiak ondoan hartzen ahalko ote nintuen... Baietz erraiten bazuen, ez zela guretzat entraaleko fagorea izanen, eskerrak Jainko maiteari...

      Gastellou jaunak biziki ongi etorri beroa egin zion amari. Begiak ņir-ņir, irriņo batekin, erran zaitan gero zernahi gauza ikasiko nuela eta segur zela ez nintzala mutiko tzar atrebitu horietarik izanen...

      —“Hiretzat, erran zaitan, begitartea bat-batean ilun iluna, ez diat uste ukanen dutan tiranta hunen idekitzeko lanik”. Ixil ixila nindagon, ama ere ba.

      Apezak aintzina segitu zuen: “Nahi duka halere ikusi zer dutan tiranta huntan?”. Amak zuen baietz ihardetsi ene partez... Orduan, Gastellou kalonjeak tiranta ideki... eta zaharo bat atera! Zaharo haren uhal luze mekeak eskuarekin perekatuz erran zaitan: “Mutiko gaixtoak hunekin hezten ditiuk”.

      —“Hau ez da gaixtoa izanen”, hitzeman zion amak...

      Apezak lixta bat eman zaikun, zer puska beharko nuen ekarri, beztitzeko eta beste. “Gauza bakoitxari zenbaki bat ezarriko diozu josirik, hola egiten da zer norena den jakiteko”. Ene zenbakia, 83a! Solasean ari zirelarik, ohartu nintzen ama jadanik izana zela Gastellou kalonjearen ikusten, bainan bakarrik, eni deusik erran gabe, eta ene tokia orduan segurtatua zuela! Pazko aintzin eta aintzin hain segur!

      Urria jin zenean, horra beraz “Freretarat” joaiteko tenora, merkatu egunarekin. Egia erran, hurbilekoek aski zuten asteazken goizarekin sartzea bainan amak bezperan joan arazi nintuen... ez sobera akitua izaiteko lehen egunean berean!

      Astearte arratsaldean egin nintuen lagun zonbaiten ezagutzak. Batto bera jin zitzaitan ene arropen beren lekuan ezartzen ari nintzelarik, galdeka baserritarra nintzanez eta laborari etxe zonbaitetakoa. Mutiko koxkor bat, aire penatu batekin. Nik baietz ihardetsirik, nahiz ez zen arras egia (izaba-osabek baitzuten alabainan laborari etxea eta ez ene aitamek); berehala erran zaitan enekin adixkide handi nahi zuela izan: “Berria baihiz, hik ez dakik hemen gauzak nola iragaiten diren, bainan nik ba, jaz ere hemen bainintzen eta lagunduko hut nahi baduk segurik”. Ni loriatua holako lagun ona hoin laster eginik...!

 

 

Hegiko bordatik
Janbattit Dirassar

Elkar, 1995