|
Hegiko bordatik
IZARREN SEGERETUA
Aita hiltzearekin, inarros aldi bat zinez ikaragarria hartu nuen. Supituki joaite horrek bestenaz ere zernahi gogoeta samin eginarazten zaitan. Gauza guti girela eta bizia zoin den latza. Kasik iduritzen zitzaitan beste mundu batean sartua nintzala, eta argitik ilunerat lerratua... Lagun zonbait ukan banintu bederen norapait poxi bat alegeratzeko! Bainan nondik ukanen nintuen lagunak, nehorat ez nintzan etxetik jalgitzen, salbu meza-bezperetarat eta Hazparneko merkaturat, beste nehorat ez, doluaren gatik! Dolua behar baitzen atxiki alabainan! Lehenik osabarena, gero aitarena! Urte bat osoa batentzat eta bestearentzat. Besta, ikusgarri, ausailu eta gaineratikoak arrunt bazterrerat utziz, dolua beti dolu! Aita hil zen urtean, ama joan zen Iriberritik eta bere anai-arreben ganat bildu. Nik ere handik harat Jauregian ukan nuen ene ganbera. Zonbait hilabeteren buruan, xuxen erraiteko ez dakit noiz eta nola, usaia hartu nuen afal ondoan baratzean barna itzuliņo baten egiteko. Zerua garbi izaiten zen ber, eta ez sobera haize latza, bulta bat egoiten nintzan, landako zerrakiaren sahetsean, gogoa nonbait, ahantzia bezala, izarreri so... Izarrek xoratzen ninduten! Otoitzean bezala, dei bat egiten nioten, arrats guziz kar berarekin, mezuņo bat igor zedazaten, jakin nezan izarren segeretua... Noraino bazitazkeen izarrak, hori zen ene griņa handia... Non ote zen azken izarra? Eta azken izar horren haindian zer izan zitakeen? Nihauren baitan egiten nuen mundua mugatua izanez, muga nahi bezen urrun izanikan ere, hori mixterio bat dela, ene adimenduak ezin zilatua! Bainan munduak ez mugarik ukaitea, arrunt urruneko izarretik haratago beste izar bat izanki aintzina, eta beste hortarik urrunago oraino beste mila, eta beti hola, hori mixterio handiagoa baizik ez naukan... Gauza bera izarren eta munduaren iraupenaz. Munduak hastapen bat ukan badu, gogorat heldu zaitan berehala hastapen hori baino lehen zer izan zitakeen... Deusez? Bainan deusez hori mixterio bat izanki enetzat eta ez entraalekoa gainerat! Bixtan da, Jainkoa ere sartzen nuen ene gogoeta horietan bainan Jainkoa bera mixterio bat gehiago bilakatzen zaitan ene arrazoinamenduetan... Beste galde bat ere heldu zitzaitan gogorat eta arraposturik gabe gelditzen zaitana: bakarra ote nintzan hola, arratsetan, baratze mutur batean izarreri galdeka egoki? Zelai guzian bakarra orobat? Bainan nolaz hori? Beste norbait egoiten bazen ni bezala begiak xurituak, zeruari beha eta beha, zendako nehor ez zen hortaz mintzo? Eta nehor ez bazen hola egoiten, nolaz jendeak ez zuen nik bezalako griņa izarren segeretua zilatu beharrez...? Hori ere mixterio bat zen enetzat, beste guzien gainerat... Jauregian, amak eta izabak ez zuten deusik erraiten afaldu bezen laster ateratzen nintzalarik izarrekin solastatzerat. Afal ondoan, bazuten usaia beren zangoen garbitzeko... baxeren egiteko baliatu ur bero gizenean! Odolaren untsa kurritzeko ez dela holakorik! Osabak ere ba, bainan azkenik, ahurtara bat biper gorri botarik baxeren urerat, hola oraino hobeki zela...! Osabak preseski halako behako maltzur bat egiten zaitan ene izarretarat nindoalarik. Gau batez, hauxe atera zaitan, untsa bitxia kausitu nuen solasa: — “Barda jalgia, gaur ere jalgi behar duka? Zer den bestenaz gazte izaitea!” Arrats batez, kanporat joan orduko berriz jin nintzan barnerat. Zendako? Ez niz orroit... Haizea hozturik orobat edo eurixka hasirik... Osaba zangoen garbitzen ari zen biper gorria ausarki emanik baxeren urari. Hauxe erran zaitan halako irri trufa batekin: — “Egon-aldi laburra zinuten gaur? Ala ez zauk batere etorri?”. Ni harritua, zer zerasan ezin konprenituz... Azkenean sesitu nuen zer erran nahi zuen! Gaixo Xemartin! Uste zuen Zelaiko neska gazte zonbaitekin musuka artzerat nindoala zeruko izarren besarkatzerat nindoanean...!
Hegiko bordatik |