|
Hegiko bordatik
AITAREN HARMA
Beste mamurik ere baginuen ene haur denboran! Alemanak hor gintuen, dena larderia eta espantu! Ez ziren gorderik zauden mamuak, segur! Alde bat bazabiltzan, jo harat eta jo hunat, oinez, zaldiz edo alimaleko kamiun batzuetan! Haurrak alemanen beldur ginen biziki. Eskolako bidean ala non nahi, hoinbeste aldiz entzunik batzueri eta besteri: “Haurrak, izan zaizte abilak, bestenaz Alemanek preso joanen zaituztete!” Preso! Hitz horren aditzeak berak halako hotz ikara bat emaiten zaitan. Banakien auzoko muttiko baten aita Alemanian preso zela preseski, eta zemahi ikusten zuela, han nonbait, biziki urrun, gaitzeko leku hotzean... Etxen, amak guti aipatzen zituen Alemanak. Aski halere nik ere jakiteko ez zituela batere maite... Zertarat etorriak ziren bestenaz Hazparneraino...! Hori ez zela manera! Erraiten ere zuen bizkitartean Aleman horiek gu bezala jendeak zirela, Jainko beraren umeak... Azkarki durduzatua gelditu zen haatik Hazparneko plazan, gau batez, Alemanek bi herritar hil zituztelarik. Orduan erran zuen eskuak kurutzatuz eta nigarra begian: “Hori egin dutenak ez dira arras gu bezalako jendeak!” Aitak ere ez zituen usu aipatzen Alemanak bainan ezagun zen arrunt partida zituela. 14-eko gerlan ibilia zen, kolpatua izana gainerat, eta hango katixima ez zuen ahantzia: “Gu, Frantsesak gira, eta beraz jende onak! Alemanak aldiz, jende tzarrak”. Ez zuen ere konprenitzen nola utzi zituzten Aleman horiek gure xoko hotaraino sartzerat, hori afruntu handia zela 14-eko gerlan soldado izan guzientzat... Egun batez, Hazparneko kridan, errana izan zen ihiziko harma edo holako zerbait etxen bazuten guziak behar zirela herriko etxerat agertu. Hazparneko plazan, igandetako mezen ondotik, bai eta zonbait aldiz merkatu egunetan, krida izaiten zen alabainan. Herriko mutila heldu zen paper batzu eskutan, atabala jotzen zuen eta abisu batzu irakurtzen zituen: “Jaun merak hau adi-arazten” eta “Jaun merak hura adi-arazten”, beste kanturik ez zuen, hori baizik! Jendeak han zauden, artoski entzule. Hori izaiten zen krida... Kridatik jakin zuen beraz aitak ihiziko harma baten jabe zirenak joan behar zirela herriko etxerat. Krida hortan deplauki erran zutena, edo bederen erakusterat eman, harma guziak gero Alemanentzat bilduko zituztela? Dakitana da aitak hori ezarri zuela burutan. Kexu etorri zen etxerat eta amari erran zion: “Alemanek ez dute ene harmarik ukanen!” Hola ikasi nuen aita denboran ihizin ibilia zela, urte asko bazuela haatik ihizia utzirik, bainan harma beti han zuela, ohe gibelean altxatua... Harma hori gordeko zuela karkulatu zuen. Ama ikaran, auzoko norbaitek ez zuenetz salatuko, gero pollitak izanen ginela! Aitak ezetz, aspaldian nehork ez zuela ikusia harma bizkarrean, beraz nehork ez zakiela etxeko harma horren berri... Aitak harma troxatu zuen ikatz-ketako zaku batean eta Urtsuko aldean nonbait ehortzi, gordeka, berak zakien tokian... Handik zonbait denboraren buruan, eurite baten ondotik, aita joan zen, zakua bustia zitakeela, harma beste zaku batean ezarriko zuela. Izigarriko kara tzarrarekin etorri zen etxerat! Zakua ez zuen bustia atxeman, bainan kasik usteldua! Eta harma arrunt herdoildua! Aitaren hasarrea, Alemanen gatik galdu zuela ihiziko harma! Amak bazterretik, makurra zela hori, bainan makur handiagorik ere izan zitakeela, hori deusik ez zela beste batzuen aldean... Handik laster preseski, handiagoa izan zen segur: Bidaxuneko alde hortan nonbait, Alemanek tiroz hil zuten aitaren anaia, ene bataioko aitatxi, Baionan bizi zena... Handik goiti, aleman bat ikustearekin edo aleman hitza bera entzutearekin, aitaren aurpegia halako ilun bortitz batek jaunzten zuen, nihauri segidan ikara bat emaiten zaitan ilun bortitz batek...
Hegiko bordatik |