Hegiko bordatik
Janbattit Dirassar

Elkar, 1995

 

 

BLANDI

 

      Haur denboran ezagutu jende batzu zerbait gisaz ezin ahantziak izaiten dira, geroxago ez balinbadira ere gehiago ikusi...

      Asko badauzkat oraino gogoan... Hala nola Zelaiko Bollandertsaren ama, Mari Bollanderiakoa erraiten giniona...

      Goizetik arrats, ez bazen segurik euria edo arrunt denbora hotza, egun osoa bere sukaldeko leiho bazterrean iragaiten zuen, berinak idekiak, kanpoko mugimenduari so, nahiz ez zen mugimendu handirik izaiten... Handiena, eskolako haurren sartzea eta ateratzea...

      Emazte xaharņo horrek sesitua bezala uzten nintuen bera zagon leihoaren parrean iragaiten nintzan aldi bakoitx... Sekulan ez baitzaitan hitz bakar bat ere erraiten, mutua balitz bezala! Bainan burua altxatuz halako irri argiņo bat egiten, hain eztia eta hain pollita, oraino ere amatxiņo horren aurpegia gogoan baitaukat...!

      Kasik berdin mutua zen gure etxetik goraxago bizi zen gizon xahar bat, Mixel Gixona erraiten ziotena. Ate sahetsean jarria egoiten zen orenak eta orenak, zigarreta erre eta erre. Funtsean, ez niz segur hainbeste zigarreta erretzen zuela denen buru. Batto pizten zuen, ahorat hartzen eta ezpain xokoan ahanzten bezala... Bulta baten buruan, lurrerat botatzen... ez bazitzaion bera eroria!

      Mixel horrek ere ez zuen solasik. Noiz nahi eztulka ari zen haatik, nik uste nuen eztula zuela bere mintzaira...

      Egun batez, amaren eskutik etxe gibelean ibilki nintzen, eta Mixel Gixona ikusi ginuen bere kaderatik xutitua, baratzean ibilki erdi herrestaka. Amak hepako bat egin zion: “Zoin pixkor ziren, errazu!” Eta Mixel Gixonak arrapostu hau eman zion, aski harritu nintuena, bestenaz ere behinere mintzo entzuna ez nuen norbaiten ganik: “Zer nahi duzu, oraino hatsa bederen hartzen dugu!”

      Ja aipatua dut Janamari, ene amaņo kondutakoa. Orroit niz bazuela jenden agurtzeko molde bat arras berezia! Lehen solasa beti hauxe zuen: “Jainkoak dautzuetela nahi duzuen guzia”. Zelaiko zoko frango kurritzen zuen... asun biltzen, eskuen begiratzea gatik galtzerdi zahar batzu besoan gora sarturik. Asunak hautak direla, lapinentzat, urdeentzat... eta jendeentzat! Berak ere asun-ura noiz nahi edaten, osagarriarentzat biziki ona izanez...

      Beste asko aipatzen ahal nuzke, hala nola, Maņaņa dendaria, hamar haurren ama, etxez etxe zabilan jostuna. Bi hilabetetarik edo hola, heldu zen ene ttantta Katixa-ren ganat. Han zelarik ni ere han kausitu behar, beti zerbait balentria nahi omen nuen egin, hau hunki eta hura hunki, josteko orratzak, haixturrak ala zernahi. Nihon ez nindagola, “Tentas” deitzen nintuen eta ni hitz hori aditzearekin, orduan eta gehiago atrebitua izaiten omen nintzen...

      Baziren ere eskaleak, etxez etxe ibiltzen zirenak. Maria-Zozoa deitzen ginuena batto...

      Urrunetik ikusi orduko, haurrak oihuka hasten zitzaizkion: “Maria-zozoa, Maria-zozoa!” Ni ez hainbeste, amak gain-gainetik debekatua baitzaitan hola artzea, Maria-zozoaz ez zela trufatu behar, jendea zela gu bezala...

      Eta gero, nola ahantz Blandi? Bere izena zuena hori ala izengoitia? Lekuinen bizi zen, Zelairat eskale gisa etortzen urtean bizpahiru aldiz segurik. Gizon handixko bat, alimaleko bizar zuri batekin. Galeretan egona omen zen, gaitzeko gauza itsusiak eginik. Zer ote? Amak ez dit sekulan garbitasunik eman hortaz, nahiz frangotan galdatu diotan...

      Blandi-ren beldur nintzan. Arras beldur. Bizarraren gatik ote? Ardura galtza gorri batzu soinean zituelakotz? Ala alde bat bere buruarekin mintzo zelakotz, dena erasia? Amak ongi etorri eztia egiten zion bainan laburra. Urde gizenki batzu emaiten eta zonbait arroltze. Eta ahal bezen laster despeitzen! Predikuan hasten baitzen bestenaz Blandi eta amak ez baitzuen prediku mota hori aditu nahi! Ez nahi ere nik aditzea! Beti solas berak zituen Blandi gaizoak, bere gostuko balentriaz edo desafioz: alde bat apezen kontra ari zen, apezak jende enganatzaile alfer batzu direla eta holako... Lege-gizonentzat, gauza bera! Zonbait ele tzar solas horien gainerat eta jo aintzina! Amak ezin jasanak zauzkan ateraldi horiek bainan berari ez zion deus erakusterat emaiten. Biandi gure etxetik doi bat urrundua izaiten zelarik, nihaur ondo hetan banintzen, amak deitzen nintuen eta kasik nigarra begian erraiten zaitan: “Sarri, otoitzņo bat eginen diuk Andredena Mariari, Blandi gaizo hori ere konberti dadin. Lur huntan galeretan egona, beste munduan ez dadin ifernu zoko batean geldi”.

 

 

Hegiko bordatik
Janbattit Dirassar

Elkar, 1995