Hegiko bordatik
Janbattit Dirassar

Elkar, 1995

 

 

OGI JOITEAK

 

      Neguan, Eguberri irian, bi gertakari handi izaiten ziren: Xerri hiltzea eta Xalbador artzainaren arribada.

      Xerri hiltzea deitzen ginuena, urde hiltzea erran beharrean, besta bat bezala izaiten zen. Gizon handi kolore gorri bat ginuen urde hiltzalea, Geaxa zuen izena. Gure etxerat heldu zenean, nihaur oraino arras ttipia izanki, nahiago nuen behin segurik ez haren ondorat agertu, alde bat “atakatzen” bainintuen urdea buztanetik nik nuela atxiki behar... Eta ni arrunt beldur! Urrunetik behatzen nion eta harritua egoiten nintzen ganibet marraza, dena dirdiretan, nola xorroxten zuen urdea sangratu aintzin: Urdea hilez geroz haatik, gogotik agertzen nintzen Geaxaren ganat eta eni emaiten zuen azpixuna... nik jateko zela, ez baginuen herriko erretorrari emaiteko usaiarik...

      Xalbador zen mugaz bestaldeko artzain buru apal bat, neguko pazkak aspaldian Zelain hartzen... Eguberri bezperan edo hola etortzen baitzen, haur asko haren biderat johan ginen. Gu loriatuak eta Xalbador bera ere ba! Aldizka, bere asto zaharraren gainerat hupatzen ere gintuen! Ni egia erran ez niz aldi bat baizik izan Xalbadoren biderat. Amak nahiago ez joaitea! Bide luzea eginik, astoa gaixtoan izan zitakeela eta asto ausikiak izigarri tzarrak izaiten direla...

      Udan aldiz, zer besta ez zen izaiten ogi joitea ginuelarik izaba eta osaben etxen...! Denbora hartan, laborari etxe guzietan ogia egiten zen. Ogi uztatik baitzen ere etxaldea bera izartzen bezala. — “Holako etxea, zer heinetakoa da?” — “80 ogi zaku nonbait han” — “Etxalde pollita beraz”...

      Auzorat johan ginen ogi-joiteko “mekanika”ren xeka. Behieri ezarririk estali xuriak eta kopetako berdinak... Gero loriatua egoiten nintzen ogi joiteko tresnari beha, burrunba handienean zoalarik. Bazela mugimendu ondo hartan! Batzu ari, ogi azauak laxatuz geroz, “maxina” ase eta ase... Beste batzuk lastoa bil eta fuxinaren puntan hel-araz meta egileri! Beste batzuk aldiz zakuak pisa ogi bihiz bete arau... Norbait behar zen ere ahotzaren biltzeko, errautsez ase ederra egiten baitzuen...

      Ogi joitea hastean, bai eta bururatzean, zirena entzun-arazten zen kartier guziak jakiteko non zertan ziren ogi-joileak. Ondotik bazkari edo afari, jan-tornu gaitza izaiten zen. Izaba Katixa-k beti gauza bera prestatzen zuen: oilo salda, oilakia tomatearekin, urde urinetakoak lur sagar frituekin, behi gasna eta gerezi erreximeta...

      Hamar urte nintuelarik aitamekin izan nintzan ere kusi batzuen etxen, Lekorneko hegi hortan, ogi joitea zutelarik... Izaba Katixa-k prestatzen zuen gisa bereko afaria ukan ginuen. Bainan halako arrangura batekin jin nintzan etxerat...

      Afari hartan bazen mutiko aurpegi zabal bat, hamalau edo hamabost urte inguru hortakoa, ahotz biltzen arizana ogi joiteko denbora guzian... Enetzat arrotzak ziren gizon batzuk —Lekondarrak izanki hain segur— konplimenduak egin ziozkaten zoin langilea izana zen... Gero batek hauxe galdatu zion:

      —“Eta xoria, ari zauka lumatzen?”. Mutikoa ixil ixila gelditu zen. Beste batek aintzina: “Xutitzen hasia zauka?”. Mutikoa gorritu zen.

      Orduan, nik erran nion amari: “Mutiko horren etxen badute xori bat oraino lumarik gabe eta xutik ere ez egoiten. Zer ote da hori?” Amak ez zaitan arraposturik eman bainan hepako bat egin zion aitari: “Etxerat beharko gira abiatu. Haur hau loaletzen hasia da”. Bainan nik ezetz, ez nintzala loale! Amak baietz, begiak ere ez nintuela gehiago idekirik atxikitzen ahal... Funts hortan abiatu ginen beraz etxalde... Ni arras gogoetatua delako xori arrado haren berri gehiago ez ukanik eta ezin konprenituz gaixo amak zergatik uste zuen arrunt loaletua nintzala, batere ez nintzalarik hala...!

 

 

Hegiko bordatik
Janbattit Dirassar

Elkar, 1995