|
Hegiko bordatik
BURRA POXI BAT
Alemanak etxez-etxe ibiltzen ziren puska-keta. Denetarik eremaiten zuten: esne, gasna, arroltze, baratzekari ala zernahi... Ardurenean, biranazka zabiltzan, jandarmeak eta serorak bezala. Zelaiko kaskoan, biga segurik baziren haatik bakarka zabiltzanak. Batto ez zen sekulan gure etxerat etortzen bainan ezagutzen nuen, Zelai guziak ezagutzen baitzuen... Gizon buru handi tripa lodi bat, kolore gorri batzuekin, alde bat gora mintzo zena, dena espantu! Jendek Papuna emana zioten izen-goitia... Alemanak partitu zirenean, fama hedatu zen Papuna Zelain gelditua zela, Urtsuko borda zonbaitetan gordea, norbaitek jatekoa ere harat eremaiten ziola. Han zagola egun hobe zerbaiten menturan, Hazparnen alde bat kokatzeko ametsarekin. Fama hori hedatu zen berak errana baitzuen holako zerbait eginen zuela... Bainan Papunik ez zen gehiago agertu... Bakarka zabilan beste alemana ez zen batere itxura berekoa: gizon mehar luze bat, dena hezurra, kolore hits horail batzuekin. Eta Iriberrirat heldu zen aste guziz. Aitak ez zuen ikusi ere nahi. Amak egiten zion ezinbesteko ongi etorria. Alemanak arroltze batzu johan zituen eta pinta bat esne... Solas guti zuen, nahiz frantsesa ederki mintzo. Behin, aita eta ama solasean entzun nituen arras gogoetatuak... Bi behi bagintuen. Urte guziko esnea segurtatua ginuen, bedera aratxe egiten baitzuten, bainan ez sasoin berean. Hola, battori esnea ttipitzearekin, bestea esnaldi betean izaiten zen... Hainbestenarekin, behi bat “makurtu” zen eta hortaz ari ziren solasean ene aitamak... Ni harritua, zer ote zen behi “makurtze” hori... Azkenean, nolazpait, konprenitu nuen behi bat ilortua zela, aitak aratxe mikota bat ongarri metarat botatu zuela, behia berriz ernari zela bainan aratxea ukanen beste behiarekin betantsu. Hots, zonbait hilabeteren buruan, zemahi esne ukanen ginuela, bainan arte hartan, keinka batez segurik, baterez...! Hori zuten arrangura, alemanari nola erran, ez ginuela gehiago esnerik! Nola hartuko zuen hori...! Konprenituko ote zuenetz eta sinetsiko... Amak erran zuen azken beltzean bere ahizparen etxetik ekarriko zuela astean pinta bat esne, alemanaren doia. Bainan gisa guziz, lehenik erranen ziola, pollikiņo, pollikiņo, behi makurtuaren ixtorioa... Hortarako, azken punta igurikatu zuen, lotsaz dudarik gabe... “Ez dugu gehiago esnerik, horra zer gertatzen zaikun”, erran zion beraz amak gure alemanari. Hunek untsa zela eta besterik ez... Ama beldur “untsa zela” horrek ukan zezakeela beste buztanik, alemanak halako begi tzar bat egina ere ziola... Ondoko ortzegunean, horra alemana berriz heldu, amak alta errana arroltzerik ere ez ginuela keinka hartan... Zertarat heldu ote zen bada...! Nihaur ere izitua, ama izitua ikustearekin, nahiz arras hartua nuen nik eskolarik ez nuen egunetan, ortzegunetan, tanpa-tanpa gure etxeko aterat heldu zen aleman hori. Egun hartan beraz, alemanak ama agurtu zuen usaian bezala. “Badakit ez duzuela esnerik”, erran zion gero lehen solasa... Bai eta segitu honelaxe: “esnerik ez baduzue, ez duzue ere burrarik...”. Eta handik berehala, eni buruz itzulirik: “Haur hunek, handitzeko eta mutiko azkar bat jalgitzeko, burra poxi bat behar du...” Eta papoko sakelatik gure alemanak ateratzen du burra presa bat, enetzat ekarria...! Ama harritua, eta nola, ez jakin zer erran...! Alemana kanporat joan orduko, aita agertzen da nonbaitik. Kopeta zimur-zimurra: “Ez zitela fida, erran zion amari, aleman tzar horrek gure gaixo haurra pozoinatu nahi du behar bada... Zazi zu zer den burra horren barnean!” Amak, hola zenez geroztik, zerri-pazkarat botako zuela... Aita aintzina hasarre: “Ez gira hobeki izanen urde bat hiltzen bada!” Burra hartarik ez nuen ukan jasta ere... Bainan ondoko astean berriz etorri baitzen alemana eta berriz ere burra presa batekin, bigarren aldiko burra hortarik amak eman zaitan, eta egundaino ez dut jakin zerk kendu zion pozoinatua izan zitakeelako beldurra. Esnerik gabe egon gineno, alemanak beti ekarri zuen “ene” burra. Denbora askoren buruan, usaian baino begitarte hitsago batekin etorri zen: “Azken agur baten egiterat heldu niz, erran zion amari. Gerla gauza izigarria da. Europaren beste puntarat igortzen naute, biziki guduka bortitzak ari diren lekurat”. Amari esku eman zion eta hauxe erran eni behatuz: “Agian, haur hunek denbora hobeak ezagutuko ditu, bakearekin, gerlarik gabe”. Atetik kanporatzean, alemanaren azken hitza: “Otoitz egizu enetzat, nik otoitz eginen dut zuentzat, Jainkoak lagun gitzala”. Eta gure alemanak salatu zuen egundaino errana ez zuen gauza bat: Apeza zela! Apez protestanta, amak untsa konprenitu bazuen segurik...
Hegiko bordatik |