|
Hegiko bordatik
PATZATZO
Ene ama zena beti gatukina izan da. Gatuak maite zituen eta gastatzen. Batzuetan, etxeko gatuari haur bati bezala mintzo ere zen... Aitak, aldiz, ez zituen gatuak maite. Ez maite segurik sukalde-zilo zauzkan gatuak. Subazterra ez dela gatu baten tokia, gatu batek bere eginbideak badituela, eta lehen lehena hauxe: sagu eta garratoinen ondotik ibiltzea. Ni ama-tar nintzen izaitekotz. Gatua enetzat lagun bat bezala izanki... Horra zergatik hain segur, berrogoita-hamar bat urteren buruan ere, oraino gogoan ditudan ene haurrean etxen ukan ditugun gatuak... Lehena, ene orroitean lehena behin, Anita. Nork emana ote zion jende izen hori? Ez dakit, bainan zer gatu ederra! Inglesa omen, bizpahiru koloreta-koa... Biziki maite nuen Anita... Egun batez, aita aditzen dut tirahala erasiaka ari, kasik oihuka, eta ama ixil-ixila entzule. . Denbora hartan, bagintuen xito ttipiak. Batto faltatu zen. Amak zion miruak eramana zuela. Aitak berriz xitoak beti etxe aintzinean zaudela eta horrat ez zela mirurik sartzen ez eta belatzik... Handik ixtanteko beste xito bat faltatu zen... Eta horra non aitak atxemaiten duen hobenduna! Anita omen ginuen xitoetarat biziatua... Aitak berak ikusia, hori zuen eta erasiaka ari zen hartan! Amak ez zela hori hola izaiten ahal, behinere ez zuela entzuna gatu bat xito jale! Bainan aita beti bere hartan, Anita-k zituela xitoak jaten! Handik berehala, Anita zen faltatu. Xitoak bezala... Amari galdatu nion zer egina ote zen. Ez zakiela erran zaitan... Zonbait egunen buruan, beste gatu bat ukan ginuen. Amak izena eman zion Patzatzo. Nondik jalgi ote zuen holako izena? Geroztik arizana niz karkulan: gatu ainitzendako erraiten baita Pitzitzi, uste dut Pitzitzi hori zuela bere moldean bestelakatu... Patzatzo ez zen haatik Anita bezen pollita. Dena grisa... Patzatzo laster laketu zen gurekin. Bainan hara, egun batez ez zena biziatu ez xitoetarat bainan arroltzetarat! Bai hortaratu zen gaizo Patzazo, oilateian arroltze jaten hasi! Amak ez zuen hori ere sinetsi nahi, bainan aitak baietz eta baietz, berak ikusia zuela... “Hilen dut”, erran zuen aitak, izigarri hasarre! “Hil-azu, ihardetsi zion amak, bainan otoi ez haizkora ukaldika Anita bezala!” Ene harritzea ikastearekin Anita hila zela beraz eta aitak zuela hila gibeleko barnean zaukan haizkora handi batekin! Etxe sahetseko putzuak bazuen ixurgi bat, betea baino beteago izaiten zelarik ur soberakina handik norapait husteko. Arroila bat lurpez egina, Aitak erran zuen Patzatzo arroila hartarat botako zuela, arroilaren bi puntak harriz eta lurrez untsa tapaturik, gatua goseak hilen zuela eta besterik ez zuela merexi... Erran bezala egin zuen. Bainan bi egunen buruan, horra Patzatzo berriz sukalderat heldu! Atzaparka kendurik dudarik gabe arroilaren tapagailua. Aita oihuka, amak zuela arroila ideki! Amak ezetz eta ezetz. Dena dela, aitak ez zuen barkatu. Patzatzo hil zuen borra ukaldi bat buruaren betean emanik. “Ez du bederen Anitak bezala sofritu”, erran zuen amak... Ondoko egun batez, amak pollikiņo pollikiņo altzoan hartu nintuen: “Ez diuk gehiago gaturik ukanen, lan itsusiak egiten baitituzte”. Eta ni nigarrez... Hainbestenarekin, Iriberriko “beste parterat” etorria baitzen senarra zango motza zuen emazteņo bat, hunek erran zion amari bere ilobaņo batek ekarri beharra ziola gatu ttipi bat, eta gatu hori gurea ere izanen zela. Delako iloba jin zen gatu beltx batekin! “Moio du izena eta biziki jendekina da”. Asko denboraz, Moio izan zen enetzat lagun baten pare. Ez zen zozoa Moio: ene aita ikusi orduko punpaka bazoan ahal bezen urrun! Egun batez, auzoko emaztea Baionarat joan zen bizitzerat. Eni, bezperan erranik Moio enetzat utziko zuela. Bainan eskolan nintzelarik partitu zen eta Moio berekin eraman zuen, ahantzirik zer hitzemana zaitan...
Hegiko bordatik |